'Motxiladun umeen' eskubideak aldarrikatu dituzte ehunka herritarrek Sare Egunean

Uztarria.eus 2018ko mai. 19a, 22:29

Sare Eguna da gaur Azpeitian, festa eta aldarria uztartzen dituen eguna. Sarek goizerako antolatutako elkartasun krosaren eta paella txapelketaren ostean, manifestazioa egin dute 400 inguru herritarrek Motxilak erantzi, egin jauzi lelopean. Plazatik irten da mobilizazioa 19:00etan, eta leku berean amaitu da. Bertan hitza hartu dute Azpeitiko Sareko bi kidek, eta Euskal presoek jasaten dituzten "sakabanaketak eta urruntze politika sistematikoak" hainbat ondorio eragiten dutela salatu dute. Gainera, ondorio horiek "gehienetan" presoen senideek pairatzen dituztela azpimarratu dute. Horregatik, presoen senide diren adin txikikoek –motxiladun umeek– "bizi duten injustizia" hori herriratzeko aprobetxatu nahi izan dute Sare Eguna. 

"Azpeitian badugu motxiladun ume bat, Joseba Segurola presoaren urtebeteko alabatxoa. Eta, beste hamabost adin txikiko azpeitiarrek ere, beren senideak bisitatzeko bidaia luzeak egin behar izaten dituzte Alacant, Mont de Marsan eta Lannemezaneko espetxeetara", adierazi dute Sareko kideek. Egoera horrek, haur horiei eskola orduak eta eskola kanpoko jarduerak galtzea eta "neke fisiko eta psikologikoa" eragiten dizkiela salatu dute. Horrez gain, bidaia horietan auto istripu eta ezbehar bat baino gehiago gertatzen dela salatu dute gaurko hitzartzean. "Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, 400 ezbehar baino gehiago izan dira errepideetan eta hamasei pertsonek galdu dute bizia presoak bisitatzera zihoazenean", adierazi dute.

Presoen senide diren adin txikikoek "bizi duten injustizia" hori herriratzeko, azken hilabeetan hainbat ekimen egiten ari da Sare: "Adin txikikoekin harremana duten eragile, instituzio zein adituei egoeraren berri eman diegu. Gure helburua, injustizia honen inguruan hausnartzera bultzatzea izan da. Ideologiaz haratago, ezberdinen artean injustizia honekin bukatzeko pausoak eman nahi ditugu, elkarlanean eta ume hauen egoera erdigunean jarrita".

Sareko kideek esan dute ETAren amaieraren ondoren "euskal presoen egoera aldatzeko dinamika berriak" zabalduko direla, eta Sarek "dinamika horiek indartzeko ahalegina" egingo duela.

Hitzartzea bukatzean polka erraldoia dantzatu dute. Bideoa, hemen.