Mailaz jaitsi da Sammic ISB taldea

Uztarria.eus 2018ko api. 28a, 13:06

Atzoko partidako irudia. (Araberri)

Denboraldi bat Espainiako Urrezko LEB Ligan aritu ostean, Zilarrezko LEBera jaitsi da gizonen lehen taldea. Araberriren aurka atzo jokatu zuen denboraldiko azken partida ISBk Gasteizen, eta ezin izan zuen Arabako taldea mendean hartu.

Partida garrantzitsua zuen atzo jokoan Iraurgi Saskibaloi Taldeko gizonen lehen taldeak, Sammic ISBk. Hil ala biziko partida zen Araberriren aurkakoa; izan ere, Espainiako Urrezko LEB Ligan jarraitzea zuen jokoan. Gasteizen jokatu zuten Lolo Encinasen mutilek denboraldiko azken neurketa, Araberriren aurka, eta ezin izan zuten Arabako taldea mendean hartu.

Azpeitiko taldea markagailuan atzetik izan zen une oro. Lehen laurdena 30 eta 18 bukatu zen; bigarrena, 47 eta 30; hirugarrena, 60 eta 44; eta laugarrena, 112 eta 92. Erraz irabazi zuen Araberrik norgehiagoka, eta Sammic ISB mailaz jaitsi da. Horrenbestez, denboraldi bat urrezko ligan izan ostean, berriz ere Espainiako Zilarrezko LEB Ligara jaitsiko da.

Azpeitiko taldeak babesa izan zuen bai Gasteizko kiroldegian, bai handik kanpo. Hainbat zale joan zen autobusez partida ikustera, eta haien beroa jaso ahal izan zuten jokalariek. Twitter sare sozialean ere jaso dituzte animo mezuak ISBko kideek, hala nola Lagun Onak futbol taldearena, Anaitasuna futbol taldearena, udal ordezkarienak eta zaleenak.