Mailari eusteko neurketa erabakiorra izango da ostiralekoa. Nola zaudete?
Azken partidetan itxura ona emanda eta emaitza onak lortuta goaz Gasteizera. Garbi daukagu aurreko ostiraleko partida garrantzitsuan lortutako garaipenak jarraipena behar duela. Taldea guztiz zentratuta dago; horrelako neurketek eman ohi duten urduritasun puntuarekin, baina moralari dagokionez, ondo. Jokatzeko gogoz gaude. Aurreko astean harmailetatik jaso genuen laguntza jaso nahi genuke ostiral honetan ere.
Mailari eusteak zer esan nahi du taldearentzat?
Talde hau ezagutzen dugunok badakigu nondik gatozen. Azken urteetan, momentu historikoak bizi izan ditugu nesken eta mutilen mailetan nahiz formakuntza taldeetan, eta gaztetatik klubean gabiltzanok badakigu horrelako uneak errepikatzea oso zaila izaten dela. Lehengo urteko igoera inork ez zukeen amestuko duela urte batzuk. Aurten, berriz, ligako talderik xumeena izanik, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak hiriburu handietakoen aurka jokatze hutsa eta maila horretan mantentzea historikotzat joko nituzke.
Dena den, zuk saskibaloia uztea erabaki duzu. Zergatik?
Gaztea banaiz ere, bizitzan etapak izaten direlakoan nago. Azken urteetan, saskibaloia lanarekin uztartu dut, eta maila hauetan jokatzeak denbora asko eskatzeaz gain, egunerokotasuna eta lan esparrua guztiz baldintzatzen ditu. Exijentzia mailak, partidetarako bidaiek, entrenamenduek… osotasunean saskibaloiari lotuta egotea eskatzen dute. Momentu ikaragarri onak pasatu ditut, baina beste etapa batean nagoela sentitzen dut.
Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.