Emakumeen eta gizonen denbora erabilera aztertuko du Udalak

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 12:15
Leire Etxaniz, Aizpea Otaegi eta Eneko Etxeberria. (Julene Frantzesena)

Lanarekin aztertu nahi dutena da sexuaren arabera zer jarduera egiten dituzten herritarrek. Lehenik sentsibilizazio fasea hasiko dute, eta azterketaren egileak herriko eragileekin elkartuko dira proiektua ezagutarazteko eta zabaltzeko. Uda aurretik herritarrei inkestak egingo dizkiete, herriko errealitatea ezagutzeko eta datuak biltzeko. Datorren udazkenerako edo negurako espero dute ikerketaren datuak plazaratzea.

Azpeitiko Udalak emakumeen eta gizonen denbora erabileraren azterketa egingo du datozen hilabeteetan. Hainbat fasetan egingo dute ikerketa, eta datu bilketa egiteaz gain, lanaren xedea da herritarrak gaiaz sentsibilizatzea eta haiei gogoetarako bide ematea. Elhuyar arduratuko da lana egiteaz, eta Aizpea Otaegi enpresa horretako kideak azaldu duenez, lanarekin aztertu nahi dutena da sexuaren arabera zer jarduera egiten dituzten herritarrek. "Ikusi nahi dugu gizonen eta emakumeen artean zer alde dauden; hau da, zenbat denbora eta zertan erabiltzen duten horiek. Izan ere, horrek lotura du gizarte antolaketarekin eta ekonomiarekin".

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan duenez, azken urteetan, ekonomia krisia tarteko, emakume askok "zaintza lanetan" aritu behar izan du, eta haren arabera, horren eraginez ezin izan dute formazioan sakondu edo aisialdiaz gozatu. "Neurtu nahi dugu hori horrela al den, eta, hala bada, zenbaiteraino den hori horrela. Izan ere, gero azterketa horren gainean egingo dugu lan eta aztertuko dugu zer neurri hartu". Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, "eskubide berdintasuna bermatzeko” indarra egiten ari da udala. Horri lotuta dator azterketa, hark esan duenez. "Eustatek eta INEk egin izan dituzte denboraren erabileraren gaineko azterketak, baina halako neurketa bat egiten den lehen herrietakoa izango da Azpeitia". Gainera, prozesuarekin hausnarketa bultzatu nahi dutela jakinarazi du Etxanizek. "Martxoaren 8an milaka emakume atera ginen kalera zapalkuntzak azaltzera eta sistema honen aurrean planto egitera. Horrek esan nahi du badela zer egin".

Lehen-lehenik sentsibilizazio fasea hasiko dute, eta azterketaren egileak herriko eragileekin elkartuko dira proiektua ezagutarazteko eta gaia zabaltzeko. Ondoren, maiatza eta ekaina bitartean herritarrei inkestak egingo dizkiete, herriko errealitatea ezagutzeko eta datuak biltzeko. Gainera, azterketaren sustatzaileek esan dutenez, gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo ere egin nahi dute Emakumeen Mahaiarekin. Udarako datuak bilduta izatea aurreikusten dute Elhuyarreko kideek, eta orduan hainbat espazio zabalduko dute gogoetak eta proposamenak egiteko. Lan horiek egin ostean, gogoeta egingo dute politika publikoetan zer egin aztertzeko. Datorren udazkenerako edo negurako espero dute ikerketaren datuak plazaratzea.

Azpeitiko alkateak azterketak egitearen garrantzia azpimarratu du: "Aztertu egin behar da aurrena, ondoren politikak diagnosiaren gainean aktibatzeko eta horiek izandako inpaktua neurtzeko. Noraezean ez ibiltzeko, estrategikoki egin behar dira neurketak, eta aldaketa errealak izan behar dute helburu".