Azpeitira edo Aizarnazabalera joango dira Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketako txapelak eta 6.000 euroko diru saria; izan ere, bihar, ostirala, jokatuko dute finala Joxean eta Antxon Munoaundi Muno azpeitiarrek Aizarnazabalgo Iñaki eta Ikerren kontra. Muno anaiak iaz laugarren sailkatu ziren, eta 2013an Joxean eta Iña Munoandik irabazi zuten txapelketa.
19:30ean hasiko da finala Zarauzko Kulixka jatetxean, eta bukatzean egingo dute sari banaketa ekitaldia. Afaldu ere bertan egingo dute, eta ondoren, mus txapelketa azkarra izango da.
54 bikotek parte hartu dute Zarauzko Zurekin ostalarien elkarteak antolatutako txapelketaren aurtengo edizioan, eta sailkapeneko lehen lau postuetan bada beste bikote azpeitiar bat ere; hain zuzen ere, Javier Azpiazu Xarra eta Xabier Aizpuru azpeitiarrak laugarren sailkatu dira. Iaz bigarren egin zuen bikote horrek.