200dik gora lagun elkartu dira Espainiako Gobernuaren pentsio politika salatzeko

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 14:12

Aurtengorako onartu duten %0,25eko "igoera lotsagarria" gaitzetsi eta KPIaren neurriko igoera aldarrikatu dute beste behin jubilatuek eta pentsiodunek, baina ez hori bakarrik. Ostegunerako jarri dute hurrengo hitzordua: pentsio igoeraren berri emateko etxean jaso dituzten gutunak jasoko dituzte plazan, 11:00etatik aurrera, protesta gisara Gobernuari itzultzeko asmoarekin.

Astelehen eguerdiko euri jasak ez ditu atzeratu Azpeitiko jubilatuak eta pentsiodunak. Azpeitiko Jubilatuen Plataformak deituta, 200dik gora herritar elkartu dira Azoka Plazaren aurrean, pentsio duinak aldarrikatzeko eta Espainiako Gobernuaren politikak salatzeko. "Pentsioen krisia ez dugu guk sortu, pentsioen diru-kutxari beste erabilera batzuk eman dizkion gobernuak baizik", dio Azpeitiko Jubilatuen Plataformak gaurko elkarretaratzerako prestatu duen idatzian.

%0,25eko igoerari ez, KPIari bai zioen pankartarekin egin dute elkarretaratzea, baina aurtengorako onartu dieten "igoera lotsagarria" baino haratago doa pentsiodunen kexa. Krisi ekonomikotik ateratzen ari garela diotela baina "jubilatuei murrizketak egiten jarraitzen" dutela salatu dute, eta murrizketa gehiago iragarri dituztela. "Beldurtu egin nahi gaituzte", diote jubilatuek. Bankuen erreskatearen, "PPko buruzagiek euren alderdia mantentzeko" edota ejerzitoaren eta erret familiaren gastuak mantentzeko "arazorik ez" dagoen bitartean, galdetzen dute jubilatuek "urteetan gure lanaren bidez kotizatutakoaren ordaina jasotzeko eskubiderik ez" al duten.

"Pentsieon krisia ez dugu guk sortu, pentsioen diru-kutxari beste erabilera batzuk eman dizkion gobernuak baizik", nabarmendu dute.

Gutun bilketa, ostegunean

"Espainiako estatuko Gobernua gure pentsioekin egiten ari dena salatu nahi dugu eta gure haserrea tinko adierazi horren aurrean. Aurten ere, %0,25eko igoera izan dute gure pentsioek, bizitzeko oinarrizko beharrezk egin duten igoeraren aurrean. Erosteko ahalmena galtzen ari gara urtez urte, lotsa gutxirekin 'urteroko hobekuntza bermatzen' digutela dioen gutuna bidaliz", esan dute.

Hain zuzen ere, pentsioen igoeraren berri emanez etxean jaso dituzten gutunak bildu eta protesta gisan Espainiako Gobernuari bueltatzea da datozen egunetan jubilatuek egingo duten beste egitasmoa. Ostegunean, hilak 22, 11:00etatik aurrera plazan egongo direla aurreratu dute Azpeitiko Jubilatuen Plataformakoek gutunak jasotzeko, eta etxean jaso dituztenak han uztera gonbidatu dituzte herriko jubilatu eta pentsiodun guztiak.