Beste pauso bat hezkuntzaren eraldaketan

Uztarria.eus 2018ko urt. 26a, 11:29

Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatiba elkarteak, urteetan egindako hausnarketa egonkortzeko bidean, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra proiektua martxan jarri du, Euskal Herriko Ikastolen elkartearen gidaritzapean.

Urteak dira Azpeitiko Ikastola hezkuntza eraldaketaren beharra sumatu zuela eta pausoak ematen ari dela. Hori gauzatu nahian Euskal Herriko Ikastolen elkartearekin (EHI) elkarlanean etapa ezberdinetan hainbat proiektu martxan jarri zituen.

Haurra ikusteko filosofia berri bat oinarri hartuta, Haur Hezkuntzaren marko pedagogikoaren eraldaketarekin ekin zioten bideari, eta horri erantzuteko espazioaren erabateko moldaketa gauzatu dute azken urteetan. 

Lehen Hezkuntzan, berriz, HUHEZIren laguntzarekin, talde kooperatiboetan oinarritutako IKASKIDETZAn hasi ziren konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren bidean, DBHn EHIko EKI proiektuarekin egin zuten bezala.

Aurten, Batxilergoari koherentzia eman nahian, hainbat proiektu gauzatzen ari dira.

Hori guztia egonkortzeko garaia iritsi da Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra (HPI) proiektuarekin.

Kataluniako Escalae institutuak badu proiektu hori garatzeko proposamen bat, eta metodologia hori bere errealitatera egokitu du Ikastolen Elkarteak. Hainbat ikastolak egin du bat proiektu horrekin, eta ikastola horietako bat da Ikasberri. Programa hori martxan jartzeko Amaia Artolazabal Ikastolen elkarteko bideratzailea ariko da ikastolako kideekin elkarlanean. Haren arabera, Katalunian ez ezik, munduko beste hainbat ikastetxetan ere jarri dute martxan programa, eta bere balioa "ondo frogatuta" dago: "Emaitza oso onak eman ditu leku askotan".   

Proiektuaren bidez gogoeta egingo du ikastolako klaustro guztiak. Zehazki bi galdera erantzuteko lan egingo dute: "Zer nolako pertsonak hezi nahi ditugu? Gure jarduera orokorrean zein hobekuntza egin behar ditugu hori lortzeko?".

Hausnarketa hori egiteko metodologia zehatz bat proposatzen du, baina ikastola bakoitzak bere errealitatera egokitu behar du. "Lehenik, zentro bakoitzak zer nolako ikasleak hezi nahi dituen zehazten du. Ondoren, ikastolaren errealitatea zein den jakiteko, galdetegi bat betetzen dute irakasleek. Eta, nora iritsi nahi duten eta zein egoeratan dauden konparatuta, plan estrategikoa diseinatzen du zentroak", adierazi du Artolazabalek.

Beraz, ikastola bakoitzak egiten duen analisitik ondorioztatuko du zer nolako hobekuntzak egin behar dituen, lortu nahi duen ikasle profil horri begira. "Filosofia da hobe dela aldaketa txikiak  eta denok elkarrekin egitea, anekdotan geldituko diren bat-bateko berrikuntzak txertatzea baino".

Ikasberrik aurten egin du Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra programarekin bat. Baina helburua da proiektu hori "ikastolaren kultura" bihurtzea. Izan ere, urteetan jarraituko dute metodologia horren arabera hausnartzen eta behar diren egokitzapenak egiten, lortu nahi dituzten helburuak lortzeko bide zuzenetik doazela ziurtatzeko.

DBHko EKI proiektuaren aurkezpen saioa

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik EKI proiektua garatzen du DBH mailan. EKIren ardatza konpetentziak landuz ikasi eta irakastea da.  Etapa honetan ikaslea nerabezaroan sartuko da eta jasango dituen aldaketa fisikoetara eta sentimendu nahasietara egokitzen ikasi behar du. Ikastetxean arlo curricularrak garrantzi gehiago hartuko du, edukiak arloka hasiko dira lantzen, baina helburua ez da edukiak ikastea, egoera errealari erantzuteko eduki horiek erabiltzen ikastea baizik. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Azkoitian EKI proiektua aurkezteko hitzaldi bat emango du otsailaren 1ean, 18:30ean Kultur Etxean.