Unai Agirre: "Azpeitia oso garrantzitsua da sagardoaren munduan"

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 12a, 13:42
Unai Agirre. (Tolosaldeko Ataria)

Gaur irekiko dute sagardo denboraldi berria Elosiaga auzoko Añota sagardotegian (20:30), eta Unai Agirre (Hernani, 1975) Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzailea eta bertsolariak zabalduko du txotxa. Erdi errezildarrak uste du aurtengo sagardoa izaeraduna izango dela.

Hernaniar bat Azpeitiko sagardo denboraldia zabaltzen…

Bai, hala da, baina aurretik izan dut Hernaniko sagardotegiren batean denboraldia irekitzeko aukera. Bertso eskolatik tokatu zitzaigun irekiera batean parte hartzea, eta irekiera ekitaldi dezente egiten dituztenez, gehiagotara ere joan naiz. Gainera, sagardoaren munduan egiten dut lan, eta askotan gonbidatu izan naute horrelako ekitaldietara.

Nola jaso zenuen Añotakoen gonbidapena?

Aurtengo ekitaldira bertsotara joango al nintzen galdetu zidaten, eta baietz esan nien. Gero esan zidaten nik irekiko nuela hango sagardo denboraldia, eta pozik hartu nuen gonbidapena. Izan ere, harreman handia daukat Añotako kideekin. Gogoz nago,sekula ez bainaiz izan Añotako denboraldiaren irekieran.

Nolakoak izaten dira zuretzat denboraldi irekiera egunak?

Giro oso polita eta berezia izaten da batean eta bestean; gainera, bertsoarekin lotutako giroa egoten da. Sagardoa ere lehen egun horretan dastatzen dugu, eta sagardogileentzat berezia izaten da, jendeak egiten dizkien komentarioengatik. Giro bikaina sortzen da guzti horren bueltan.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.