Salgai daude Lynn Hill eskalatzaileak eskainiko duen solasaldirako sarrerak

Uztarria.eus | Kirolak
2017ko urr. 31a, 17:12

Azaroaren 9an eskainiko du hitzaldia estatubatuarrak Soreasun, 21:30ean hasita. Sarrerak Sanagustin kulturgunean eskura daitezke, 12 euro ordainduta. Egunean bertan ere salgai jarriko dituzte Soreasuko leihatilan, 15 eurotan. Kulturaz kooperatibari esker, Uztarria Komunikazio Taldeak bi sarrera zozkatuko ditu bazkideen artean.

Lynn Hill eskalatzaile estatubatuarrak Azpeitian eskainiko du Euskal Herrian emango duen hitzaldi bakarra. Soreasu antzokian izango da, azaroaren 9an, eta dagoeneko salgai jarri dituzte solasaldirako sarrerak, Sanagustin kulturgunean. Sarrera bakoitza 12 euro ordaindu beharko da aurrez erosiz gero, eta 15 euro egunean bertan erosita. 

1980. hamarkada amaierako munduko eskalatzailerik onena bezala ezagutzen da Lynn Hill. 1993an Yosemiteko El Capitan hormaren The Nose bidea era askean osatu zuen lehen eskalatzailea izan zen. 

Sokaitz eskalada taldeak, Lagun Onak mendi bazkunak, Kulturaz kooperatibak eta Udalak antolatuta dute hitzaldia, elkarlanean. Azpeitiko hitzorduaren ostean, Espainiko hainbat txokotan jarraituko du solasaldi birarekin.

Kulturaz kooperatibari esker, Uztarria Komunikazio Taldeak hitzaldirako bi sarrera zozkatuko ditu. Uztarriak hurrengo astelehenean, azaroaren 6an, zabalduko du zozketan parte hartzeko epea. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu