Emaitza gazi-gozoak, Gipuzkoako Xake Txapelketaren hirugarren jardunaldian

Uztarria.eus 2017ko urr. 30a, 17:21

Gipuzkoako Xake Txapelketan murgilduta jarraitzen dute Azpeitiko xakelariek. Joan den zapatuan, hilaren 28an, jokatu zuten sariketaren hirugarren jardunaldia Baigerako laugarren solairuan, 16:00etan hasita. Azpeitiarren emaitzak denetarikoak izan ziren. Absolutu mailan, Aitor Priya da Azpeitiko ordezkari bakarra, eta hirugarren jardunaldian ezin izan zuen irabazi Jon Arana eibartarraren aurka aritu ostean.

Eskualdeko bigarren mailan, Eneko Alberdik eta Patxi Isasmendik beren partidak irabazi zituzten, eta Xabier Altunak, aldiz, galdu. Eskualdeko hirugarren mailan, Aitor Elustondok, Juan Carlos Fernandez, Osama Maraguik eta Gorka Urangak irabazi egin zituzten euren partidak. Luis Andoni Lazkano, Julen Uranga, Alain Mateos eta Aner Alonsok ezin izan zituzten jardunaldiko partidak irabazi. Markel Zubimendik ez zuen jokatu asteburuan, hirugarren mailan lehian ari diren jokalari kopurua bakoitia delako.

Hurrengo jardunaldia

Datorren zapatuan, azaroaren 4an, Gipuzkoako Xake Txapelketaren laugarren jardunaldia jokatuko da, leku eta ordu berean. Absolutu mailan, Aitor Priyak Carlos Berdoteren aurka jokatuko du.

Eskualdeko bigarren mailan Patxi Isasmendik Eneko Alberdi taldekidearen aurka jokatuko du eta Xabier Altunak Markel Kerexeta elgoibartarraren aurka arituko da. Eskualdeko hirugarren mailan Aitor Elustondok Imanol Larrañagaren aurka jokatuko du, Juan Carlos Fernandez elgoibarko Ivan Fernandezen aurka ariko da, Osama Maragui Getariako Francisco Juan Palenciaren aurka, Gorka Urangak Markel Zubimendi taldekidearen aurka jokatuko du, Julen Urangak Vicente Santosen aurka, Aner Alonsok Lander Ajaren aurka, eta Luis Andoni Lazkano Asier Lasaren aurka. Datorren zapatuan Alain Mateos azpeitiar xakelari gazteari egokituko zaio atsedena.