Zaletasunak elkartuta, trikiti doinuak kalera eta plazara

Uztarria.eus 2017ko urr. 20a, 23:17

Trikitizaleen plaza eta elkargunea izan da Azpeitia gaur, urriak 20. Hirugarren urtez jarraian, Trikigiro jaialdiak hitzordua izan du herrian, eta harekin batera baita Urola Erdiko ia 300 lagunek ere. Juan Antxieta musika eskolako ikasleek ere ez dute hutsik egin aurtengoan.

Erlojuek 19:00ak jotzerako hasi dira eskualdeko toki ezberdinetako dozenaka lagun Sanagustin kulturgunera hurbiltzen. Musikari gaztetxoenek hautsi dute izotza, eta kulturgunean eskainitako emanaldiarekin berotu dute giroa. Ondoren, 20:00ak aldera, jaialdian parte hartu duten trikitizale eta panderozale guztiek, gaztetxoek, gazteek zein helduek, taldeko argazkia atera dute plazan. Jarraian kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena, euren afizioaz gozatuz eta herritarrei panderoaren eta trikiaren doinuak gerturatuz. Plazan eman diote amaiera kalejirari, bertan zeudenen ikusmiran. 

Sabelak betetzeko tartea ere hartu dute Trikigiroko parte-hartzaileek, eta 21:00etan afaria egin dute Sanagustin kulturgunean. Zaletasunak elkartu dituenez, batu dituen gauza berarekin emango diote amaiera egunari: trikiti eta pandero doinuekin. Hala, afalostean, 23:00ak ingurua, erromeria egingo dute. Honako trikitilari hauek girotuko dute Sanagustin: 

Honako trikitilari hauek parte hartuko dute:

  • Tolosa ahizpak, Eneko Arbeo eta Imanol Antxitte.
  • Lanberri eta lagunak.
  • Gugaz erromeria.
  • Xabier Etxaniz, Julen Alonso, Eneritz Aulestia eta Esti Markez.
  • Landa anaiak eta Attola anaiak.
  • Itzeder, Txibilter, Garixe, Montte eta Maltzeta.
  • Naiara Mantzizidor, Oleaga ahizpak eta Jurgi Ituarte.
  • Aritz Alustiza, Lierni Aranburu, Maitane Arteaga, Manex Torrealdai eta Ane Arenaza.

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)