Gudari Egunaren harira, ekitaldiak prestatu dituzte biharko eta larunbaterako

Uztarria.eus 2017ko ira. 26a, 13:57

Nuarben iaz egin zuten ekitaldiko irudi bat.

Bihar, elkarretaratzea eta hilerrira bisita egingo dute. Larunbatean, Nuarben ekitaldia egingo dute, eta, gero, bazkaria izango da. Txartelak Orkatzen daude salgai.

Bihar 42 urte beteko dira Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Beste urte batez, biharko eta larunbaterako hainbat egitasmo antolatu dute Gudari Egunaren harira.

Bihar, ikasleek elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, eta, 19:00etan, herritarrek bisita egingo dute hilerrira.

Horrez gain, larunbatean, mendi martxa egingo dute Nuarbera. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 13:00etan, ekitaldia egingo dute auzoan. Ondoren, bazkaria egingo dute Nuarbeko frontoian, eta horretarako, aurrez txartelak eros daitezke Orkatzen. Ikasleek eta langabetuek zortzi euro ordainduko dute, eta langileek 12 euro. Egunean bertan, berriz, soldatapekoek 15 eurotan eskuratuko dituzte txartelak, eta gainontzekoek 12 eurotan.