Dardo Txapelketarekin, gaur hasiko dira San Agustin jaiak Goikokalen

Uztarria.eus 2017ko abu. 25a, 14:10
Iazko jaietako irudi bat.

Dardo Txapelketa 22:00etan izango da Fideo de Mileto tabernan. Parte-hartzaileek orduan eman beharko dute izena, 10 euroren trukean. Hainbat sari banatuko dute txapelketa bukatzean. Biharko eta etzirako ere ekitaldi ugari antolatu dute San Agustin festen bigarren edizioan.

Gaur hasi eta igandera bitartean ospatuko dituzte San Agustin jaiak Goikokalen. Iaz berreskuratu zituzten jaiak Sanagustin kulturguneak eta udalak, eta aurten jaien bigarren edizioa izango da,

Gaur, ostirala, Dardo Txapelketa egingo dute. 22:00etan hasiko da lehia, Fideo de Mileto tabernan. Cricket eta 501 modalitateetan arituko dira parte-hartzaileak, eta gaur bertan eman beharko dute izena 10 euroren trukean. Txapelketa bukatzean hainbat sari banatuko dute: irabazleak kopa eta bildutako diruaren %50 eskuratuko du; bigarrenak, kopa eta jasotako diruaren %30; hirugarrenak, kopa eta batutako diruaren %20; eta laugarrenak, kopa.

Bihar izango da jaietako egun handia. Izan ere, zezen txikiak, pintxo dastaketa, Mus Txapelketa, triki-poteoa, afaria eta DJ saioa izango dira. Mus Txapelketa Sanagustin kulturgunean izango da 16:00etan hasita. Egunean bertan eman beharko dute izena bikote parte-hartzaileek, 20 euro ordainduta. Hainbat sari banatuko dituzte lehia bukatzean. Bikote irabazleak txapela eta izen-ematean bildutako diruaren %50 irabaziko du. Bigarren sailkatzen denak, berriz, bildutako diruaren %25, eta hirugarrenak %15. Laugarren egiten duen bikoteak jasotako diruaren %10 eskuratuko du.

Igandean, berriz, meza, jolasak eta kontzertua izango dira. Howdy taldearen kontzertua 19:00etan izango da plazan. Country musikaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Hona hemen egitaraua osorik:

Abuztuak 25, ostirala

22:00. Dardo Txapelketa azkarra, Fideo de Mileto tabernan.


Abuztuak 26, zapatua

11:30. Zezen txikiak plazan.

13:00. Pintxo eta edari dastaketa.

16:00. Mus Txapelketa azkarra Sanagustin kulturgunean.

20:00. Triki-poteoa.

21:00. Afaria Sanagustin kulturgunean.

00:00. DJ saioa, Fideo de Mileto tabernan.

 

Abuztuak 27, igandea

10:30. Auzotarren aldeko meza Miserikordian.

17:30. Umeentzako jolasak.

Ondoren, txokolatada.

19:00. Howdy taldearen kontzertua plazan.