Azpeitiko bizilagun bat hil da Astigarra Kit Line enpresan istripua izanda

Uztarria.eus 2017ko uzt. 3a, 20:12
Urrestillako Olalde industriagunean dago Astigarra Kit Line enpresa. (Nerea Uranga)

Urrestillako Olalde industriagunean dagoen lantegian izan du istripua 51 urteko azkoitiarrak gaur eguerdian. Produktuak ontziratzeko makina batek harrapatu du, eta bertan hil da. Biharko lanuztea eta kontzentrazioa deitu ditu Enpresa Batzordeak. Enpresak ikerketa abiatuko du gertatutakoa argitzeko.

Azpeitian bizi zen 51 urteko azkoitiar bat hil da gaur eguerdian Urrestillako Olalde industriaguneko Astigarraga Kit Line enpresan istripua izanda. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 14:50ak aldean izan da ezbeharra. Produktuak ontziratzeko makina batean harrapatuta gelditu da behargina, eta larrialdi zerbitzuak bertaratu badira ere, lantegian hil da gizona.

Enpresa Batzordeak 24 orduko lan uztea deitu dute biharko, eta 12:00etan elkarretaratzea egingo dute enpresaren atarian. Enpresak esan du ikerketa abiatuko duela gertatutakoa argitzeko.

Elkartasun mezuak

Istripua izan eta gutxira hasi dira erakundeak, sindikatuak eta alderdi politikoak hildakoaren senideei elkartasun mezuak bidaltzen sare sozialetan.

Azpeitiko Udalak doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie gaur eguerdian lan istripuz hil den langilearen familiari, lagunei eta lankideei. Udalak adierazi duenez, "golpe gogorra da langileriarentzat eta herriarentzat gaur Azpeitian gertatutakoa". Horregatik, enpresari zein Osalani istripuaren zergatiak aztertu eta "lehenbailehen" argitzeko eskatu die. Era berean, lantegietan langile ororen "erabateko segurtasuna bermatzeko neurriak" hartzea exigitu du udalak, "berriro horrelakorik gerta ez dadin".

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak ere elkartasuna eta hurbiltasuna eskaini die hildako langilearen gertukoei.

Azpeitiko erakundeek eta eragileek ez ezik, beste hainbat tokitatik ere ari dira iristen elkartasun eta salaketa mezuak. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde adierazpena kaleratu dute, langilearen heriotza "atsekabez" hartu dutela esateko eta ezbeharra salatzeko. "Istripuak nola edo hala eta edozerren gainetik ekindin behar dira, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan segurtasunak". Gainera, laneko arriskuei aurre hartzeko Batzar Nagusiek osasunari buruzko araudia "zorrotz" betetzeko eskatu diete "enpresetako partaide guztiei". Heriotza eta istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa erakusteko datozen egunetarako deitutako ekimenei atxikimendua agertu die Batzar Nagusiek, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EH Bildu koalizioak doluminak eman dizkie hildako langilearen senideei eta lagunei. Ernai gazte antolakundeak ere salatu du langilearen heriotza eragin duen lan istripua, eta baita LAB sindikatuak ere. "Une gogor" hauetan doluminak, babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio sindikatu abertzaleak langilearen gertukoei. Gaurko lan istripuak eragindako heriotza Euskal Herrian urtea hasi denetik izan den 34a izan dela salatu du LABek, eta esan du istripuak ez direla "ez kasu isolatuak eta ez kasualitateak eragindakoak". Sindikatuaren ustez, lan harremanen egiturazko arazoaren eraginak dira ezbeharrak, eta langileen osasuna eta bizitza arriskuan direla salatu du.

ELAk salatu du ezbehar koputua handitu egin dela. Horregatik, lan istripuena "lehen mailako arazo soziala eta laborala" dela esan du. "Administrazioek, ordea, ez diote gaiari heldu nahi. Estatistikei soilik erreparatzen diete", esan du sindikatuak. "Argi dago enpresek, gaur gaurkoz, ez diotela gaiari heldu oraindik. Izan ere, beren kezka bakarra errentagarritasuna eta lan erritmoa handitzea da; ez, ordea, segurtasuna eta langileen osasuna", azaldu du ELAk.

Hirugarren istripua

Urtea hasi zenetik hiru lan istripu izan dira Azpeitiko enpresetan, eta langile bat hil eta beste bi zauritu dira ezbehar horietan.

Apirilaren 29an langile bat zauritu egin zen Glual Taldeko Burni enpresan, altuera batetik erori ostean. Maiatzaren 23an beste lan istripu bat izan zen Lan Mobel enpresan. Makina batean harrapatuta gelditu zen langilea, eta kolpeak eta hausturak eragin zizkion ezbeharrak. Ospitalera eraman zuten gizonezkoa, zauri larririk gabe.