Uztailaren 5ean zabalduko dute udako festetako lan poltsan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko eka. 30a, 19:51

Besteak beste, zaintza eta garbiketa lanetarako langileak behar ditu Udalak. Uztailaren 12a arte eman daiteke izena lan poltsan. Eskabide orriak udaletxean aurkeztu beharko dira. 

Azpeitiko Udalak, udako festek irauten duten epealdirako hainbat eginkizun egiteko langileak behar ditu, hala nola aparkalekuak zaintzeko eta garbiketa lanetarako. Lan horiek egiteko lan poltsa osatuko du Udalak, eta bertan izena emateko aukera egongo da uztailaren 5etik 12ra bitartean.

Lan poltsan izena emateko baldintza bakarra da: 16 urtetik gorako adina izatea. Hala ere, honakoak dira Udalak izango dituen hautaketa irizpideak,"lehentasunezko hurrenkeraren arabera": Azpeitian erroldatua egotea eta euskararen ezagutza izatea; Langabetua izatea (langabetuen artean, epe luzeko langabetuak lehenetsiko dira) eta eginkizun berdinetan lan esperientzia izatea.

Eskabide orriak udaletxean aurkeztu beharko dira NANaren fotokopiarekin batera. Langabezian daudenen kasuan, hori horrela dela ziurtatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute.