Murgiondo eta Odriozola: "Afizioari eskertu nahi diogu txapelketan erakutsi digun babesa"

Uztarria.eus 2017ko eka. 28a, 20:14
Dani Murgiondo eta Javier Odriozola. (Maialen Etxaniz)

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko du Azpeitiak zapatuan, Oiartzungo taldearen aurka. Atano III.a pilotalekuan izango da neurketa, 16:30ean hasita. Azpeitiko pilotariek gaur egingo dituzte entrenamenduak finalaren eszenatokian bertan, eta datozen egunetan jakinaraziko dute zein diren zapatuan jokatuko duten pilotariak. Finalerako atzera kontua hasi da, eta Dani Murgiondo pilotariarekin eta Javier Odriozola botileroarekin solasean aritu da Uztarria. 

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalaren atarian, nola dago Azpeitiko taldea?

Daniel Murgiondo: Taldea nahiko fuerte ikusten dugu aurten. Gazteak diren arren, kadeteak oso lan ona egiten ari dira, [Unai] Alberdi batez ere. Jubenilek erakutsi duten maila ere ona da, eta txukun bete dute beren lana. Senior mailari dagokionez, zer esango dizut ba... (kar, kar, kar). Markelek eta biok urte dezente daramatzagu pilotan, eta uste dut oraingoz itxura ona eman dugula. Hala ere, ezin jakin zer gertatuko den finalean. Urduritasunak eragin handia izaten du horrelakoetan, eta presioa handia izaten da. 

Nola duzue asteko agenda? 

Javier Odriozola: Gaur, asteazkena, entrenamenduak egingo ditugu Donostian, baina piloten aukeraketa finalaren egunean bertan egingo dugu. Danik [Murgiondo] gaur beste partida bat duenez, ez du gurekin entrenatuko. 

D.M.: Aste gogorra dut aurretik. Gaur partida bat, bihar beste bat, eta gaurkoa irabazten badut igandean beste neurketa bat jokatu beharko dut. Finala irabaziz gero, ospatzeko ia tarterik ere ez dut izango...

Aurten, material aukeraketa finalaren egunean egingo duzue. Horrek izango al du eraginik? 

J.O: Alde batetik, aukera ona izan daiteke piloten aukeraketa finalaren aurretik egitea, tenperatura egunean egunekoa izaten baita. Baina bestetik, pilotak aurrez aukeratu izan bagenitu, ez genuke ordu jakin batean hara [pilotalekura] joan beharko. Finalaren eguna mugimendu handikoa izaten da: fitxak hartu, hara eta hona ibili, guztia ondo al dagoen begiratu... gauza asko egoten dira egiteko, eta orain besteegin behar bat gehitu zaigu. Baina, tira, ez dago gaizki.

D.M.: Nik uste dut pilotak egunean bertan aukeratzeak ez duela eraginik izango.  

Markel Etxaniz aurreneko partidan lesionatu zen. Horrek erabakiak hartzera bultzatu zintuzten, eta Javier Odriozolak jokatu zuen Etxanizen ordez...

D.M.: Eta jokatu zuenak oso ondo bete zuen bere lana. Niretzako ohore bat izan da Javirekin kantxa elkarbanatzea eta partidak jokatzea. Oso gustora jardun dut berarekin.

J.O: Hasieran urduri nengoen, aspaldian zuriz jantzi gabe nengoen eta, baina behin kantxara irten eta izerdi pixka bat botatakoan, gustura aritu eta sentitu nintzen. Jokatu ditudan neurketek anekdota bat utzi dute: partida guztietan markagailua 22-21 gelditu da. Tolosaren aurkako itzulerako partidan arantza txiki bat gelditu zitzaigun. Izan ere, markagailuan 21-15 aurretik gindoazela tolosarrak aurreratu zitzaizkigun, eta 21-22 galdu genuen neurketa. Azkoitiarren aurka, berriz, alderantzizkoa gertatu zen: ia partida guztian atzetik joan ginen markagailuan, eta azkenean garaipena lortu genuen. 

Kanpoan zein etxean, partidak jokatutako leku guztietan, hor egon dira Azpeitiko zaleak. Iaz lau autobus bete ziren herriartekoaren finalera joateko. Zenbat beteko dira datorren zapatuan?

J.O.: Asteburuan gauza asko dago Azpeitian. Baliteke beste urteetan hainbete herritar ez joatea finalera, baina ziur erantzuna positiboa dela, eta gazte asko hurbilduko dela Atano III.era. Mikel Larrañagaren eta Alex Txikonen apustua egun berean da, baita Orkatzen 24. urtemugaren ospakizuna ere. Dena den, jende askok esan digu finalera etortzeko asmoa duela, eta ziur zaratarik ez dela faltako. 

Eta garrantzitsua al da zarata hori?

D.M.: Bai, asko eskertzen da. Izan ere, modu horretan, motibazio handiagoarekin irteten gara kantxara. Esaterako, Tolosaren aurka etxetik kanpo jokatu genuenean, pilotalekura hurbildutako azpeitiarrak gehiago ziren Tolosako zaleak baino, eta hori 'plus' bat da motibatzeko. 

Nola ikusten duzue aurkaria?

J.O.: Ez dakigu oiartzuarrak nola aritu diren txapelketan zehar, baina ezagutzen ditugu. Azpeitiko kadeteek edo jubenilek garaipen bat eskuratzen badute, azken partida gure alde egon litekeela uste dut, zaila baita senior mailan Azpeitikoa bezalako bikote bat aurkitzea. Hala ere, Danik eta Markelek dena eman beharko dute beren neurketa irabazi ahal izateko, aurkaria ere gogorra da eta. Gainera, Danik esan duen bezela, momentuko urduritasunak eragina izaten du. Hori bai, kirioek gugan eragiten duten bezala, beraiengan ere eragingo dute. 

Aurrenekoz zapatuan jokatuko duzue Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala. Irabaziz gero, garaipena ospatzeko aukera hobea da...

Lehen telebistak agintzen zuen, beti igandeetan jartzen zuten hitzordua, eta ez zegoen aldatzerik. Orain, ordea, telebistak ez du herriartekoaren finala eskaintzen. Hala, aurtengoan guk proposatu genuen hitzordua egunez aldatzea, Gipuzkoako Pilota Federazioari asmoaren berri eman ostean. Gainerako klubek begi onez ikusi zuten egindako proposamena. Agian, hasieran batzuk esango zuten: "azpeitiarrak bai 'txuloak', finalera iritsiko direla pentsatuko dute". Baina guk uste genuen, guretzat bezala gainerako taldeentzat ere egokiagoa zela finala zapatuan izatea, astelehenetan ia guztiok lanera joaten baikara. Kasualitatez gu iritsi gara finalera. Beraz, pozik gaude. Orain finala irabaztea falta zaigu. 

Herriartekoaren txapela jantziz gero, Udalak harrera egingo dizue zapatuan bertan. Eta ondorenerako, zer plan duzue?

J.O.: Azpeitira 21:00 aldera iritsiko garela aurreikusten dugu. Txapeldun amaitzen badugu Erdikalean gora kalejira egingo dugu plazaraino, txarangarekin lagunduta. Ondoren, afaltzera joango gara, baina oraindik ez dugu erabaki nora joan. 

D.M: Nik gaurko neurketa eta zapatuko finala irabaziz gero, ezingo dut ospakizun handirik egin, igandean beste partida bat jokatu beharko dudalako. Baina hor ibiliko naiz, saltsan.

Mezu bat afizioari:

Aldez aurretik eskertu nahi diogu txapelketan erakutsi digun babesa. Gazte zein heldu oso ondo aritu dira, eta jarrai dezatela horrela. Ea berri eta poz handi bat ematen diegun zapatuan.