Ibilbide "hobearekin" dator XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2017ko mar. 21a, 15:48

Datorren maratoi erdiaren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute probaren antolatzaileek, babesleek, Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariek eta Diego Garciaren senideek.

Oraingoz, 650 korrikalarik eman dute izena maratoi erdian, iaz data hauetan baino 100 lagun gehiagok. Izen-ematea martxoaren 30ean itxiko da. kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Urtero bezala, eliteko atletak, herrikoiak eta zaleak elkartzea da Azkoitia-Azpeitiaren helburua. Aurten, berrikuntza bezala, lasterketa zuzenean emango dute Erlo Telebistan.

Apirilaren 1ean izango da aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia Diego bezain handia lelopean, eta antolatzaileak azken prestaketekin dabiltza. Gaur, asteartea, datorren maratoi erdiaren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute probaren antolatzaileek, babesleek, Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariek eta Diego Garciaren senideek.

Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitiako antolatzaileak eskerrak eman dizkiete lasterketaren babesleei eta maratoi erdia babestu duten erakundeei, tartean Azpeitiko Udalari. Horien laguntzarekin antolakuntza lanak "errezagoak" direla esan du. Bestalde, Azkoitia-Azpeitiaren filosofiaren eta nortasunaren garrantzia azpimarratu du, eta gogoratu du probaren helburuetako bat dela eliteko korrikalariak, herrikoiak eta afizionatuak elkartzea kirolaren inguruan. "Euskal Herrian ez dago gureak duen izaerako probarik. Azkoitia-Azpeitia eliteko probarik herrikoiena da", adierazi du Jimenezek. Horrez gain, aurtengo kanpainarako hautatu duten mezua, Diego bezain handia, lasterketaren "markari so eginez" datorrela esan du. 

Maratoi erdiaren 24. edizioa izango da aurtengoa, eta azken urteetan bezela, hiru proba izango dira egun horretan: lasterketa herrikoia, patinatzaileen lasterketa eta maratoi erdia. Sei urteren ostean, aurten ibilbide aldaketa izango da lasterketetan, eta hori da aldaketarik nabarmenena.  Agustin Jimenez antolatzaileak azaldu duenez, berria "hobea izango da, bai korrika egiteko eta baita ikusteko ere". Horrez gain, seguruagoa izango dela esan du Jimenezek, eta aldapa eta bihurgune gutxiago izango dituela nabarmendu du. Izan ere, Azpeitia eta Azkoitia arteko G-631 errepidea zabalik mentenduko dute, eta horrela bide mozketa gutxiago egin beharko dituzte. Hemen, ibilbide berriak bideoan. 

Patinatzaileen lasterketa 16:40an hasiko da eta lasterketa herrikoia 16:45ean. Maratoi erdiari, aldiz 17:00etan ekingo diete.

Izen-ematea zabalik

Azken urteetan bezela, hiru proba izango dira apirilaren 1ean: lasterketa herrikoia, patinatzaileen lasterketa eta maratoi erdia. Oraingoz, iaz data hauetan baino parte-hartzaile gehiagok eman dute izena maratoi erdian, 650 lagunek, hain zuzen. Izen-ematea zabalik izango da hilaren 30eko gauera arte, kirolprobak.com webgunean. Horrez gain, honako saltokietan ere eman daiteke izena: Azpeitiko Robersen, Azkoitiko Plaza Berri Sport-en eta Donostiako Robersen. 

Lasterketa herrikoian parte hartzeko, federatuek 24 euro ordaindu beharko dituzte hilaren 24a baino lehen izena emanez gero, eta 27 euro data horretatik aurrera. Ez federatuek, aldiz, 27 euro ordaindu beharko dituzte ostirala baino lehen izena ematen badute, eta zapatutik aurrera, 30 euro. Proba motzean eta patinatzaileen lasterketan parte hartzeko, berriz, 19 euro ordaindu beharko dituzte partaideek.

Aurten, gainera, taldeka izena emateko aukera egongo da, azkoitia-azpeitia@azkoitia-azpeitia.com helbidera idatzita. Modu horretan, edozein atletismori edo kirol talderi deskontua egingo diete taldean izena emateagatik.

Elite mailako zortzi korrikalarik hartuko dute parte aurtengo Azkoitia-Azpeitian. Horietatik bost gizonezkoak dira: Titus Kopjumba, Ameraw Bekele, Joseph Kiprono, Emmanuel Bor eta Elias Kibret. Emakumezkoak, aldiz, hiru izango dira: Beatrice Mutai, Leonidah Jemwetick eta Desi Jisa.

Zerbitzu ezberdinak lasterketa egunerako

Azken urteetan bezala, helmuga gunean proba zuzenean ikusteko aukera izango da, eta bertaratu ezin dutenek, internet bidez zuzenean ikusi ahal izango dute lasterketan. Aurten, berrikuntza bezala, lasterketa zuzenean emango dute Erlo Telebistan.

Azpeititik kanpoko korrikalariek Bilbotik eta Gasteiztik autobus zerbitzua izango dute lasterketara etortzeko. Donostiatik, aldiz, aurten ez da izango autobusik, jende gutxik eman duelako izena. Autobuserako izena www.sportbus.es webgunean eman daiteke.

Bertako korrikalariak irteerara eramateko ere jarriko dituzte autobusak. Lehenengoa 14:30ean irtengo da Azpeitiko igerileku paretik eta hurrengoak Ikasberriko biribilgunearen paretik irtengo dira. Azkenengo autobusa 16:00etan irtengo da. 

Dorsalak, kamisetak eta Gym Sacak lasterketa egunean banatuko zaizkie  izen-ematea webgune bidez egin dutenei. Lasterketa aurretik egingo dute banaketa, 12:00etatik 16:30era Azkoitiko Julio Urkijo kalean (irteeratik 200 metrora). Leku horretan bertan arropak lagatzeko zerbitzua egongo da, eta behin probak amaitzean, helmuga ondoan jaso ahal izango dira aurrez utzitako arropak. Dutxa eta aldagela zerbitzuak, aldiz, Azpeitiko igerilekuan egongo dira.

Bestalde, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat ludoteka zerbitzua eskainiko dute 15:30etik 20:30era, Azpeitiko Txiki-Txoko ludotekan. Udalak jarri du zerbitzu hori, eta interesa dutenek udaletxera deitu behar dute izena emateko. Horrez gain, lasterketan parte hartzen duten azpeitiarren artean afaria zozkatuko du Udalak. 

Aurten, orain dela urte batzuk ematen zuten finisher domina berreskuratuko dute, eta modu horretan, maratoi erdia bukatzen duten korrikalariek domina berezi hori jasoko dute. Irabazleak, aldiz, Mikel Sanjuan tailugile azpeitiarrak egindako garaikurra eskuratuko du.