Etxebizitza beharren inguruko azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Udalak asteazkenean

Uztarria.eus 2017ko mar. 16a, 14:14
Ezkerretik eskubira, Josu Labaka, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua.

Etxebizitza beharren azterketa egiteko bi bide erabili dituzte: Gaindegiaren bidezko datu objektiboen azterketa eta 700 herritarrei egindako telefono bidezko inkestak. Ateratarako ondorioak aztertuta, herritarren beharrei erantzuteko alternatibak zehazteko faseari ekingo diote. 

Azpeitiko Udala herritarren etxebizitza beharrak aztertzen aritu da azken hilabeteetan, eta jaso dituzten emaitzak eta ondorioak aurkeztuko dituzte datorren asteazkenean, martxoaren 22an, egingo duten batzar irekian. Gaur, osteguna, azterketaren emaitzen xehetasun batzuk aurreratu dituzte Josu Labaka, Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga zinegotziek.

Iazko urrian hasi ziren etxebizitza beharren azterketarekin, eta bi bide erabili dituzte herritarren beharrak ezagutzeko. Alde batetik, Gaindegiaren (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) bidez Udalak dituen datuen kontrastea egin dute. Hala, datu objektiboak eta teknikoak aztertu dituzte. Bestetik, telefono bidezko inkestak egin dituzte ausaz aukeratutako 700 herritarrekin, horien beharrak eta iritziak zeintzun diren ezagutzeko. 

Josu Labaka zinegotziak esan duenez, "Udalak etxebizitza politiken inguruan hartzen dituen erabakiak garrantzitsuak izan daitezke etorkizuneko Azpeitia nolakoa izango den zehazteko garaian", eta azpimarratu du, Udalak lehendik ere etxebizitza politikaren inguruan neurri batzuk hartu izan dituela. Horrez gain, esan du Azpeitiko Udalaren etxebizitza politika "etxebizitza hutsetatik abiatutako politika" dela, eta adibide gisa jarri du etxebizitza hutsei jarri dioten Ondasun Higiezinen Zergaren errekargoa. Bestalde, Udalak behar handienak dituzten sektoreak babesteko ahalegina egin duela adierazi du Labakak: "Etxebizitzak alokatzeko Udalak ematen dituen diru-laguntzen bitartez, nagusiki behar handien dituzten sektoreak babesteko alegina egin dugu". Hala ere, herritarren beharrak ezagutzeko "beste urrats bat eman" du Udalak azken hilabeteetan egindako azterketarekin, momentuko beharrak zeintzuk diren jakiteaz gain, aurrera begirako beharrak zeintzuk izan daitezkeen ere identifikatzeko. 

Ondorio zehatzak

Datu objektiboak zein teknikoak eta inkestetan jasotako erantzunak aztertu ostean, hainbat ondorio atera ditu Udalak. Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, "argi ikusten dena da herritarrentzat oso garrantzitsua dela etxebizitza duina izatea". Horrez gain, esan du herritarren gehiengoaren ustez gazte asko dagoela "etxebizitza eskuratu nahi eta ezinda". 

Goenagak aipatu duen beste datu baten arabera, Udalak herritarrei etxebizitza eskubideak bermatzeko "ahal duen guztia egin behar" duela uste dute herritarren %93,5ak, eta horretarako Udalak orain arteko bidean jarraitu behar duela. Bestalde, azterketaren ondorioen arabera, herritarren %75 inguruk Udalak etxebizitza hutsak merkaturatzeko hartutako erabakiekin bat egiten dutela azaldu du Goenagak. 

Etxebizitza alorrean laguntza gehien eskaini behar zaien kolektiboak zeintzuk diren galdetuta, erantzuna eman duten herritarren gehiengoak diruz lagundu behar direnak baliabide gutxi dituzten herritarrak direla uste dute. Horiez gain, gazteei laguntza eman behar zaiela uste dute galdetutakoen %60k, eta aipatu diren beste bi kolektibo izan dira banandutako herritarrena eta seme-alabak dituzten norbanakoena.

Azpeitian bizitzeko nahia

Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, ikerketa egin ostean ikusi dena da, "azpeitiarrak diren gazteak Azpeitian bizi nahi dutela, eta beraien etorkizuneko bizileku gisa Azpeitia ikusten dutela". Hala, azpimarratu du, inguruko herriekin alderatuz, herrian bertan bizi nahi duten gazteen kopurua altuagoa dela Azpeitian. Horrez gain, datozen hamar urteetara begira Azpeitiko gazteen kopuruak gora egingo duela esan du Goenagak. 

Ikerketa egin ostean atera dituzten ondorio guztiak datorren asteazkenean, hilaren 22an, aurkeztuko dituzte udaletxean egingo duten batzar irekian, 19:00etan hasita. Udalak herritarrei dei egin die batzarrean parte har dezaten, eta herritarrak euren iritzia ematera animatu ditu. 

Azterketa egin ostean eta ateratarako ondorioak aztertuta, herritarren beharrei erantzuteko alternatibak zehazteko faseari ekingo dio Udalak datozen hilabeteetan.