Datorren igandean, martxoaren 5ean, izango da azken urteetan indartzen ari den Zuhaitz Eguna. Aurtengoan, Izarraizko Atea parkean landatuko dituzte zuhaitzak, eta horretarako hitzordua 10:30ean jarri dute, Esklaba parean. Guztira, 140 landare landatuko dituzte, lau eremutan banatuta.
Izarraizko baratze parkeen inguruan fruta arbolak landatuko dituzte. Bigarren eremuan, aldiz, 25 arizti landatuko dituzte. Pago mikorizatuak dira landatuko dituztenak, hau da, zuhaitzez gain, onddoak ere aterako dira urte batzuen buruan. Hirugarren eremu batean, 40 pago landatuko dituzte. Horietako batzuk pago arruntak izango dira eta beste batzuk mikorizatuak. Etorkizunean umeen jolasak jarriko dituzten eremuan, berriz, urritzak eta gerezi-erramuak landatuko dituzte.
Herriko ikastetxeek, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Baigerak eta baratze parkeetako erabiltzaileek hartuko dute parte igandeko Zuhaitz Egunean, eta Udalak dei egin die egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrei Esklaba ingurura hurbil daitezen.
Parte hartzaileak bi ordu inguru arituko dira zuhaitzak landatzen eta hamaiketakoa egiteko tartea ere hartuko dute.
Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, Zuhaitz Eguna "forma hartzen ari da", eta urtez urte geroz eta jende gehiagok hartzen du parte egitasmoan. Udalak herritarrak berdeguneen balioaz sentsibilizatzeko bidean, Zuhaitz Eguna urrats bat gehiago dela esan du Labakak, eta ingurumenaren zaintzan herritarrak subjektu aktibo izatea nahi dutela adierazi du.