Karnabalak 2017

Karnabalak aterpe bila hasi dira

Uztarria.eus 2017ko ots. 24a, 20:28

Azpeitiko karnabalen asteburu luzea abian da. Urtero legez, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek eta irakasleek eskaintzen duten euskal inauterien jaialdia izan da lehendabiziko hitzordua, ostiral arratsean. Euskal Herriko inauteri tradizional ezagunenak irudikatzen dituzten jantziekin eta pertsonaiekin hornituta atera dira aurten ere kalera Ikasberrikoak, baina ezin izan dute kalez kale erakusten duten ikuskizuna eman. Euriak baldintzatuta, eta eguerdi partean aurreratu duten bezala, Olazko Andre Mariaren plazan 18:15ean elkartu ondoren zuzenean joan dira Izarraitz pilotalekura, eta han ospatu dute jaialdia.

Plazatik frontoira bitarteko metro eskasetan ikusle mordoa elkartu da, gero harmailetan bezalaxe, eta ikasleek festa giro polita sortu dute beren dantzekin.