Saharara bidaltzeko janaria eta motxilak bilduko dituzte aste honetan

Uztarria.eus 2017ko urt. 24a, 12:35

Saharako hainbat haur, iaz bildutako motxilak eskutan.

Herritarrek ikastetxeetan eta hainbat supermerkatuetan utzi ahal izango dituzte produktuak. Elikagaiak ez ezik, motxilak ere bildu nahi ditu Khamar Sahararen aldeko elkarteak, eta horiek GIBan, ikastetxeetan eta Soreasuko Elkargunean utzi daitezke. 

Azpeitiko Khamar Sahararen aldeko elkarteak, zortzigarren urtez jarraian, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa egingo du aste honetan zehar. Honako leku hauetan jasoko dituzte janariak eta motxilak: Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIren Azpeitiko eraikinean. Leku horietaz gain, supermerkatuetan ere jarriko dute martxan janari bilketa. Hala, zapatuan Eroskik sanjuandegin duen saltokian eta BM supermerkatuan izango dira Khamarreko kideak jakiak biltzen, 10:00etatik 20:00etara. 

Elikagaiei dagokionez, lekaleak, arroza, kontserbak eta makarroiak jasoko dituzte.

Motxilak ere Saharara

Janaria ez ezik, motxilak ere bildu nahi dituzte, ordea; izan ere, iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere motxila bilketa martxan jartzea erabaki dute. Ikastetxeetan, Soreasuko Elkargunean eta Plaza Txikiko Gazte Informazio Bulegoan (GIB) utzi daitezke motxilak, aste honetan eta hurrengoan zehar. 

Biltzen duten material guztia otsailean Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eramango du Media Luna Roja elkarteak.