Danbor hotsek berotu dute Azpeitia

Uztarria.eus | Festak
2017ko urt. 20a, 00:21

Inoizko danborradarik jendetsuenak hartu ditu Azpeitiko kaleak 2017ko San Sebastian bezperan. Hotzari aurre egin, eta 1.500tik gora danborjolek gogoz astindu dituzte atabalak. Horiez gain, sansebastian giroan murgiltzera animatu dira ehunka herritar, danborrada ikusteko kalera aterata. Ikurrina legeztatu zeneko 40. urteurrena ere gogoan izan dute.

Hotza egin du, bai, baina 1.500 herritarretik gora danborrak astintzen hastea nahikoa izan da giroa berotzeko. Azpeitiko danborradaren historian, inoiz baino danborjole gehiago atera da gaur kalera, eta ehunka herritarrek hartu dute lekua Alde Zaharreko kale bazterretan danborrada ikusteko. Gauerdiko kanpai hotsekin batera iritsi da azken taldea herriko plazara, eta behin talde bakoitzak bere lekua hartuta, San Sebastian martxa jo dute; une zirraragarria azpeitiarrentzat, beste urte batez.

Urteurren gogoangarri bat ere bete da aurtengo San Sebastian bezperan. Izan ere, 1977ko San Sebastian egunean legeztatu zuten ikurrina, baina Azpeitian bezperan jarri zuten udaletxeko balkoian. Azpeitiarrak izan ziren ikurrina udaletxean jartzen aurrenak, eta 40 urte geroago, gauerdian, haien familiartekoak izan dira ikurrina udaletxeko balkoira igo dutenak. Horiez gain, bigarren urtez jarraian, Udalak zozketa bidez hautatutako dozenaka herritarrek danborrada udaletxeko balkoietatik ikusteko aukera izan dute. 

Urtero bezala, preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarriak ere presente izan dira bandera igotzerakoan, eta haiek gogoan, hainbat pankarta ikus zitekeen zintzilik plazan. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu