Haria ez da eten

Uztarria.eus | Kultura
2016ko aza. 17a, 17:52

Azpeitiko talderik ez da izango aurten Euskal Antzerki Topaketetan, baina ez dira gutxi Soreasuko oholtza zapalduko duten azpeitiarrak; tartean, bihar Zestoako Eromen Produkzioak-ekin Sweeney emango dutenak. Azpeitiko antzerkigintzaren eta antzezkigileen bueltan egindako erreportaje hau da Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakian irakur daitezkeenetako bat. 188. aldizkari osoa webgunean ere irakur daiteke dagoeneko, PDF formatuan.

Ezkerretik eskubira, Alaitz Olaizola, Ekain Ibarguren eta Ainhoa Casina, Lakrikunen entsegu lokalean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zuhaitzetan gorritu eta lurrean alfonbrak osatzen dituzten hosto eroriak bezain udazkeneko da antzerkia Azpeitian. Azaroarekin batera datoz aurten ere Euskal Antzerki Topaketak herrira; 34. aldia dute, ondo eta sendo errotutako egitasmoa direnaren erakusgarri. Hilaren 1etik 26ra, gaur egun euskaraz egiten ari den antzerkiaren erakusleiho oparoa izango dira, beste behin, Topaketak.

Urteetan hutsik egin ez duen osagai bat faltan izango dute, hala ere: Azpeitiko talderik ez da izango aurten Topaketetan. 1983ko lehen ediziotik gaur arte, herriko antzerki talde amateurrek ia hutsik egin gabe izan dute tartea programazioan. Antxieta taldearekin hasi zen tradizio bihurtuko zena. 2003an desegin zen behin betiko Antxieta, baina ordurako Lakrikunek hartua zion lekukoa, Topaketetako emanaldiei dagokienez. Lakrikunek lanean jarraitzen du, azken urteetan hiruko formatuan; 2014an jaso zuen azkenekoz Topaketen Ikusleen Saria, Non gaude?-rekin. Azken urteetan, berriz, iaz arte, Emakumeen Antzerki Tailerrak ere urtero agertu du Soreasun ikasturte bakoitzean landutakoa.

Emakumeen Antzerki Tailerrik ez dago, ordea, aurten, eta Lakrikunekoak ere ez dira ariko Euskal Antzerki Topaketetan. Baina Soreasura besteak beste herritarren aurpegi ezagunen bila joaten direnek ez dute aitzakiarik izango, asko baitira aurten ere oholtzara igoko diren azpeitiarrak.

"Sekula baino osasun hobea"

Erika Olaizola Francoren bilobari gutuna-rekin dator, azaroaren 4an; hilaren 5ean Nagore Aranburu izango da Soreasun, Koadernoa zuri antzezlanean. Eta tropelean igoko dira azpeitiarrak oholtzara azaroaren 18an, Zestoako Antzerki Eskolaren Eromen Produkzioak-ek aurkeztuko duen Sweeny obrarekin; parte hartuko duten hogei aktoreetatik zortzi dira Azpeitikoak: Leire Egaña, Mireia Galarza, Ainhoa Odriozola, Estitxu Elduaien, Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala, Ainhoa Casina eta Ekain Ibarguren. Herriko talderik ez, beraz, Topaketetan, baina herriko aleak sorta ederra osatzeko adina bai.

Antzerkigintzaren bueltakoek Azpeitian "sekula baino osasun hobea" dutela dio, izan ere, Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975). Eta bada norbait Olaizola herriko antzerki munduan. Antxietaren azken urteak barrutik bizi izan zituen; Lakrikunen ia hasieratik dabil, gaur arte; Emakumeen Antzerki Tailerrak iraun zuen hamabi urteetan bera izan zen gidaria; eta orain dela hamaika urtetik egiten diren umeentzako tailerren ardura ere berea da, idatzi dituen obrak ahaztu gabe.

Antzerki Topaketen karteletan aurten ez da herriko taldeen irudirik azalduko, "eta badakit pena bat dela hori", dio Olaizolak. "Non gaude? estreinatu genuenean, egun batean gu eta aurrekoan emakumeen taldea aritu ginen, eta bietan aretoa leporaino bete zen. Hori kristorena da antzerkia egin behar duenarentzat, publikoa nolabait bermatuta daukazulako, eta ikustera datorrenarentzat ere beti dago ikusmin puntu hori. Momentu honetan ez dago halakorik, baina zeinek esaten du hurrengo urterako ez dela zerbait sortuko? Uste dut ez dugula hartu behar, inondik inora, bukatu den zerbait bezala".

Emakumeen eta umeen tailerrekin egiten den harrobi eta transmisio lanaren garrantzia azpimarratzen du Olaizolak. "Uste dut esan beharra dagoela sekula baino osasun hobearekin dagoela [antzerkia]. Beti ikusi izan ditugu zale asko Topaketetan, baina eszenatoki gainean egon dira zortzi emakume edo Lakrikuneko zazpi. Eta orain, adibidez aurten bertan, Erika Olaizola dator Lipusekin-eta, beste fase batean dago jada; iaz, Ane Arenas ere beste talde batekin zegoen jada; gazteak etorriko dira Zestoakoekin; Ekain Ibarguren ari da bere kabuz ere; gazteek jarraitzen dute, June Urain Azkoitiko musikalean... Eta txikietan ere artista hutsak daude".

Soreasura, Zestoatik bueltan

2016ko Antzerki Topaketetan ariko diren azpeitiarretako bi dira Ainhoa Casina (1978) eta Ekain Ibarguren (1996). Zestoako taldearekin etorriko dira biak, baina antzerki mundura iristeko jarraitu dituzten bideek badute alderik. "Beti egin nahi izan dut antzerkia. Baina gazteagoa nintzenean, beldurrek, segurtasunik ezak edo konplexuek eraman ninduten ezer ez egitera", kontatzen du Casinak. Orain dela bost urte eman zuen, azkenean, pausoa; sabel dantza eskoletan zebilen Zestoan, Amancay Gaztañagarekin, eta Gaztañaga beraren gidaritzapean sortu zuten antzerki eskolan hastea erabaki zuen. Eta ez zaio damutu: "Esperientzia zoragarria izaten ari da. Asko betetzen nau antzerkiak, eta gehiagora joatea nahi dut, gainera".

Ibarguren, berriz, txikitatik dabil antzerki munduan, antzerkia bera baino "espektakuluaren eta ikuskizunaren mundua" gustatzen zaizkiola aitortzen duen arren. 10 bat urterekin hasi zen umeentzako aurreneko antzerki tailerrera joaten eta bederatzi urte egin zituen han Alaitz Olaizolarekin. Tailerreko kide batzuekin pailazo taldea sortu zuen. Eta, gaur egun, Zestoako eskolan ez ezik, ikuskizun propioarekin dabil, Ekain-Txou bezala.

Casinak Zelaitxon ezagutu zituen Euskal Antzerki Topaketak, "eta niretzako hura zen... Oskarretako gala balitz bezala!". Ibarguren, berriz, Soreasu zaharrera aitarekin pare bat aldiz joan zen, "baina ez nik nahi nuelako, eramaten nindutelako baizik". Gerora hasi zen bere kabuz eta gogoz joaten. Herriko talderik ez egoteak ikusle askorengan hutsune sentsazioa eragin dezakeela uste dute biek; emakumeen taldea ez egoteak penatzen du bereziki Ibarguren, "egitaraua iristen zaidanean, faltan botako dut", dio. Herrikoak izateak ikusleen babesa bermatzen duela diote, eta horixe nahiko lukete beraientzat ere; azpeitiarrik ez delako faltako aurten ere Soreasun. "Haria ez da eten", Alaitz Olaizolak dioen bezala.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu