Urriaren 21ean itzuliko da plazara Plazatarrak egitasmoa

Uztarria.eus | Aisia
2016ko urr. 14a, 17:21

Udaleko Gazteria sailak eta ludotekek udaberrian hasitako bideari eustea erabaki dute ikasturte berrian ere, helburu berarekin: plazak eta kalea jolaserako berreskuratzea, umeekin eta gurasoekin. Hilero ostiral batez aterako dituzte ludotekak kalera.

Ludoteketako hezitzaileak eta udal ordezkariak plazako kioskoan elkartu dira, Plazatarrak egitasmoaren jarraipenaren berri emateko.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Plazatarrak egitasmoa bueltan da. Udaleko Gazteria sailak eta ludotekek udaberrian hasitako bideari eustea erabaki dute ikasturte berrian ere, helburu berarekin: plazak eta kalea jolaserako berreskuratzea, umeekin eta gurasoekin. Horren berri eman dute gaur arratsaldean herriko plazan; hantxe izango dute ikasturteb berriko lehen hitzordua, urriaren 21ean.

Espazio publikoak jolaserako berreskuratzeko helburu horrekin, herriko ludotekak kalera irtengo dira hilero ostiral arratsalde batez, herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza garatzera. Horrekin batera, gurasoek eta seme-alabek aisialdia partekatzea bultzatu nahi dute. "Hilean arratsalde batez behintzat plan bat eskaini nahi diegu herriko familiei. Haurrak erraz animatzen direla ikusi genuen udaberrian. Gurasoei, berriz, gehiago kostatzen zaie. Beraz, gurasoei dei berezia egin nahi zaie haurrekin aisia elkarbanatzeko egitasmo honetan parte hartzeko", luzatu dute eskaera ludoteketako hezitzaileek.

Izena eman behar da

Esan bezala, ikasturte berriko lehenengo Plazatarrak urriaren 21ean izango da, 17:30etik 19:30era. Topalekua Azpeitiko plazaNnagusia izango da eta Herria ezagutuz izena eman diote gauzatuko duten ekintzari. HH 5 eta LH 6 bitarteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduko zaie ekintza. Bertan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, ikastetxeetan banatu den eskuorria bete eta ikastetxean bertan utzi daiteke, edo Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoan (GIB) izena eman (943157160 telefonoan edo gib@azpeitia.eus helbide elektronikoan). Izen-emate epea urriaren 10ean ireki zuten eta astelehenean, hilak 17, bukatuko da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu