Bost azpeitiar lehiatuko dira bihar Seguran Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Uztarria.eus eta Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 14a, 18:33
Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga Bizkaiko txapelketan txapeldun izan ziren. (Iñaki Amubieta)

2014an Maialen Aldalurrekin txapela jantzi zuen Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga; Mikel Subinas eta Maite Beobide; eta Leire Eizmendi errezildarrarekin bikotea osatuko duen Gorka Kerejeta dira. Guztira hamar bikotek hartuko dute parte txapelketan, 18:00etan hasita, Baratze pilotalekuan.

Bihar, zapatua, jokatuko da Seguran Euskal Herriko 40. Dantza Txapelketa; Baratzen pilotalekuan izango da, 18:00etan hasita. Eta, azken urteetan bezala, Azpeitiko ordezkaritza zabala izango da lehian. Hain zuzen ere, guztira bost dira Seguran lehiatuko diren azpeitiar dantzariak: 2014an Maialen Aldalurrekin txapela jantzi zuen Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga; Mikel Subinas eta Maite Beobide; eta Leire Eizmendi errezildarrarekin bikotea osatuko duen Gorka Kerejeta. Urola Erdiko ordezkaritza are zabalagoa izango da, Julen eta Nagore Berrondo errezildarrak ere txapelen bila ariko baitira. Denera, hamar dira txapelketan parte hartuko duten bikoteak.

Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina egingo ditu txistuaz eta albokaz lagunduta. Dantza emanaldiak bukatzean hainbat sari banatuko dituzte. Txapelketaren irabazleek Segurako Udalaren sari nagusia, Nestor Basterretxearen eskultura, eramango dute beren herrira, urtebeterako. Horrez gain, 800 euro, oroigarri bana, lepokoa eta txapela jasoko dituzte. Bigarren eta hirugarren bikote onenek, aldiz, oroigarri bana eta diru-saria eskuratuko dituzte. Horiez gain, jantzi onenaren, lurraldekako foru aldundien eta herriko bikote onenaren sariak nahiz Guillermo Areizaga sari berezia ere banatuko dituzte. Azken hori lehen aldiz txapelketan parte hartzen duen bikote onenak jasoko du.

Azken urteetan behin baino gehiagotan irabazi dute txapelketa Azpeitiko dantzariek. 2014. urtean Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrek irabazi zuten. Eta 2011n eta 2012an, berriz, Jon Ibarguren azpeitiarrak eta Idoia Besada pasaiarrak.