Zapatuan amaituko da etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2016ko urr. 10a, 14:08

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eskatu ahal izango dituzte alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. Aurreko urteetan laguntza jaso duten pertsonek berriro egin beharko dute eskaera.

Zapatuan, urriaren 15ean, amaituko da etxebizitzen alokairua ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea. Horiek jasotzeko bete beharreko oinarriak eta eskaera orriak Udalaren webgunean eta Azpeitia Berritzenen bulegoetan daude eskuragarri. Horiek udaletxean aurkeztu beharko dira zapatuko 12:30ak baino lehen.

Orain dela bi urte hasi zen Udala alokairua ordaintzeko diru laguntzak ematen, eta aurten ere hala egingo du. Iaz bezala, 150.000 euro bideratuko ditu Udalak etxebizitza premia duten kolektiboei diru-laguntza ematera. Hala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eskatu ahal izango dituzte etxebizitzen alokairua ordaintzeko diru-laguntzak.

Aurreko urteetan diru laguntza jaso duten pertsonek berriro egin beharko dute horiek eskuratzeko eskaera.  

Iaz bezala, laguntzen zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da aurten ere. Ondorengoak dira baremoak:

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Diru laguntzak eskatzeko alokairuaren errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro banatuko ditu.
  • Alde Zaharra Biziberritzeko prozesuaren baitan, gune horretan alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.
  • Iaz laguntza jaso zutenek ere eska dezakete aurten laguntza, baina %25 murriztuko zaie jasoko duten zenbatekoa.