Hitzarmena sinatu dute UEUk eta Udalak

Uztarria.eus 2016ko urr. 5a, 13:54

Kalitatezko formazioa eskaintzea da hitzarmenaren helburua, eta herritarrak kritikoak izatea eta horiek lan munduan murgiltzea nahi du Udalak. Akordioa "apustu estrategikoa" dela adierazi du Eneko Etxeberriak.

Herritarrei kalitatezko formazioa eskaintzeko hitzarmena sinatu dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Sinadura agerraldian izan dira Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko hezkuntza zinegotzia, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Iñaki Alegria UEUko zuzendaria. 

Eneko Etxeberriak "eskerrak" eman dizkio UEUko zuzendariari "akordioa sinatzea posible egiteagatik", eta azpimarratu du "asko kostatutako hitzarmena" izan dela. "Aspalditik genuen interesa UEUrekin harremanak egiteko, eta azkenean lortu dugu hitzarmena sinatzea. Akordio hau hasiera besterik ez da ordea, etorkizunerako oinarri bat", adierazi du Etxeberriak. Herritarrei hezkuntza arloko nahiz lan munduan murgiltzeko formazioa eskaintzea da helburua alkatearen hitzetan: "Gure apustua estrategikoa da, herritarrak formatu nahi ditugu  masa kritikoa sortu nahi dugulako. Herritar kritikoak nahi ditugu, eta zenbat eta formazio gehiago jaso, geroz eta ekarpen eta proiektu gehiago izango dituzte. Bestalde, herritarrak lan mundura sartzea ere nahi dugu, eta horretarako tresna garrantzitsua da formazioa".

Udalak herritarrei "goi mailako" formazioa eskaini nahi diela esan du Eneko Etxeberriak, "irakasle onenekin", eta azaldu du horregatik sinatu dutela akordioa UEUrekin. Bestalde, formazioaz gain bestelako jardunaldiak antolatuko dituztela jakinarazi du, eta adibide bezala jarri ditu hilaren 14an eta 15ean Azpeitian egingo diren Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldiak

Iñaki Alegriak, bere aldetik, "eskerrak" eman dizkio Azpeitiko Udalari, halako akordioa posible egiteagatik. Horrez gain, azaldu du, UEUk urte osoan eskaintzen dituela formazio saioak hiru eremutan: titulazio ofizialetan (EHUrekin harremanetan), trebakuntza arloan (ikastaroaen bidez) eta jardunaldietan. Azken horretan kokatzen dira urriaren 14an eta 15ean Azpeitian egingo diren jardunaldiak. Alegriak azaldu duenez, gizartetik jasotzen dituzten arazo nahiz jakin-minetatik abiatutako azterketetan oinarritzen dira antolatzen dituzten jardunaldiak. 

Udazkenerako ikastaroak

Leire Goenagak adierazi duenez, "suerte bat da horrelako jardunaldiak eskaintzea nahiz jasotzea", eta gogorazi du Azpeitiko Udalaren eta UEUren hitzarmenaren barruan kokatzen direla Udalak UEUrekin elkarlanean udazkenerako antolatu dituzten formakuntza saioak. Ikastaro horiek lan munduarekin eta aisialdiarekin lotuta daude, eta honakoak dira: 

  • 'Euskal Herriko oroimen historikoa' (Eztizen Miranda, UEU). Ikastaro hau on line emango dute, azaroaren 4tik abenduaren 2ra. 17:00-19:00. Euskaraz.
  • 'Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala' (Rakel Gamito, UEU). Azaroak 12, 19 eta 26. 09:00-12:00. Euskaraz.
  • 'Software librea eta Ubuntu: oinarrizko ikastaroa' (Maider Likona, UEU). Azaroak 7, 14, 21 eta 28, eta abenduak 5 eta 12. 17:00-20:00. Euskaraz.