'Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili' lelopean, manifestazioa egingo dute azaroaren 19an

Uztarria.eus | Gizartea
2016ko urr. 3a, 09:04

Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Lapatx zabortegia ixteko, erraustegia gelditzeko eta Azpeitian hondakinen bilketa sistema eraginkorra ezartzea eskatzeko deitu dute manifestazioa Elkar-ekineko kideek, Elosiagako bizilagunek eta beste hainbat herritarrek. Gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo egingo dituzte azaroaren 29ra bitartean.

Azpeitian eta Gipuzkoan egiten ari diren hondakinen kudeaketaz duten iritzia zabaltzeko eta gaiaren inguruan eskaera zehatzak egiteko agerraldia egin zuten joan den ostiralean, irailaren 30ean, Elkar-ekineko kideek, Elosiagako bizilagunek eta beste hainbat herritarrek. Lapatx zabortegia ixteko, Gipuzkoako erraustegiaren proiektua gelditzeko eta herrian birziklapena eta berrerabilera bultzatu dituen hondakinen bilketa sistema eraginkorra ezartzeko eskatu diete Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Aldarri horiek kalera aterako dituzte, eta azaroaren 19an, 18:30ean, mobilizazioa egingo dute Azpeitian, Lapatx itxi, errasketarik ez. Birziklatu eta berrerabili lelopean. Egun horretara bitartean gaia herrira ekartzeko eta gizarteratzeko egitasmo ezberdinak egingo dituztela aurreratu zuten.

Maite Garmendiak eta Marian Agirrek irakurri zuten manifestua, eta haiek adierazi zutenez, "asko dira gaiarekin kezkatuta" dauden herritarrak. "Herritik hasita, hondakinen kudeaketa egoki bati gure ekarpena egin behar diogula uste dugu, gauzak ondo eginez", adierazi zuten. Horrez gain, Azpeitiko Elosiaga auzoan dagoen Lapatx zabortegia "berehala" ixteko eskatu zuten. Azaldu zutenez, "bertan sortzen diren metanoak eta lixibatuek ingurumenari zein izaki bizidunen osasunari kalte nabarmenak sortzen dizkiete. Bestalde, zabortegiak sortzen duen kiratsa jasan behar dugu herritar guztiok, eta, modu nabarmenean, zabortegi inguruan bizi direnek. Lapatx inguruan dagoen arratoien presentzia handiak kalteak eragiten ditu bizilagunen artean, eta Errezil ibaiaren ondorioz uholdeak jasan behar izaten dituzte sarritan".

Hondakin sistema berria xede

Azpeitian birziklapena eta berrerabilera bultzatuko dituen hondakinen sistema bat aldarrikatu zuten, eta orain dela hiru urte Azpeitiko Udaleko alderdi politikoek hondakinak kudeatzeko sistema berri eta erangikor baten beharra aldarrikatzeko akordioa sinatu zutela gogoratu zuten: "Ordutik asko hitz egin da gaiaz herrian, baina oraindik sistema zaharrarekin jarraitzen dugu, eta birziklatze tasa %40 inguruan dago". Horren aurrean, epe motzera eta zehatzera, hondakinen bilketa sistema berria eta eraginkorra ezartzeko eskatu zuten. Horrez gain, auzokonpostaren sistemari bultzada emateko eskatu zuten. Horrez gain, hondakin sistema berriak emaitza onak izan ditzan komunikazio eta informazio kanpainak egitea eskatu zioten udalari. "Herri askotan frogatu dute posible dela hondakinak gaika sailkatzea eskatzen duen sistema eraginkorra ezartzea eta birziklapen tasak asko igotzea", azaldu zuten.

Erraustegiaren aurka

Zubietan egitekoak diren erraustegia ere izan zuten hizketa gai: "Asko dira oinarri zientifikoen gainean ohartarazi gaituzten medikuak, errauste plantaren inguruan bizi diren herritarren artean gaixotasun ezberdinak izateko arriskua hazi egiten dela ziurtatzen dutenak". Horrez gain, "erraustegiaren aldekoek diote hondakinak erre eta desagerrarazi egingo direla bertan, baina gelditzen diren errauts toxikoak gordetzeko, horien arrisku maila handia denez, segurtasun handiko zabortegiak behar dira", azaldu zuten. Erraustegiaren proiektuaren atzean "interes ekonomikoak" daudela ere aipatu zuten: "Gipuzkoar guztion aberastasunak gutxi batzuen interesei men egiteko nola erabiltzen dituzten ikusten ari gara behin eta berriz".

Azpeitia inguruan erraustegirik ez luketela nahi azpimarratu zuten, eta beste inori ere halakorik opa ez diotela esan zuten: “Guretzat nahi ez duguna ez dugu nahi beste inorentzat”.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu