La Basu: "Badirudi rapak aurkitu duela bere lekua Euskal Herrian"

Uztarria.eus | Kultura
2016ko ira. 15a, 09:35

Kontzertua eskainiko du La Basuk zapatuan, hilak 17, Sanagustin kulturgunean. Emakumea, sortzailea eta euskalduna da Elena Caballero rap abeslari bilbotarra. Bere azken proiektuaz, orain arte egindako ibilbideaz eta Euskal Herrian rapak duen osasunaz hitz egin du Uztarria.eus-ekin.

La Basu. (Elena EspaƱa)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Bilbon jaioa eta hazia, Elena Caballero (Bilbo,1983), La Basu ezizenaz ezagutua, musikaren amorante sutsua da. Gaztetatik hasi zen raparen munduan murgiltzen, eta oraindik horretan jarraitzeko asmoa du. La Basuk "borrokalaria" dela dio, eta musika hitza entzunda "askatasuna" datorkio burura.

Nolatan hasi zinen raparen munduan?

Graffittiak egiten zituen mutil bat ezagutu nuen behin, eta hark rap musika biltzen zuen cassette bat utzi zidan. Raparen erritmoak ezagutu nituen hari esker, eta maitemindu egin nintzen. Beti idatzi izan ditut olerkiak eta istorioak, baina behin doinu haiek ezagututa rapa idazten hasi nintzen. Pixkanaka Bilbon zeuden rap taldeak ezagutzen joan nintzen orduan, eta gerora nire taldea sortu nuen, 1999an, Jungla Urbana izenekoa. Bost emakumek osatzen genuen, eta nire lehenengo kontzertuak beraiekin izan ziren. Gero bakarlari moduan jarraitu nuen nire ibilbidea, eta gaixotasun baten ondorioz geldialdia egin nuen. Dagoeneko ondo nago, eta oholtzetara bueltatu naiz indarrez beteta. Iaz Aire es vida diskoa kaleratu nuen, eta aurten Izotz Erregina proiektuarekin ari naiz lanean.

Nola definituko zenuke zure azken proiektua?

Duela hiru hilabete kaleratu nuen nire azken EPa, Izotz Erregina. Abenduan kaleratuko dudan diskaren aurrerapena da, eta izugarrizko erronka izan da niretzat. Euskaraz idatzi ditut abestiak, eta euskaldun berria naizenez asko kostatu zait. Gustura nago, ordea. Izan ere, uste dut euskal rapak behar duela bultzada bat, emakumeon begietatik batez ere. Aurrerapena hiru kantek osatzen dute, eta oso pozik nago. Diskoarekin zer gertatzen den ikusi egin behar...

Izotz Erregina du izena. Zu al zara izotz erregina? Nor da izotz erregina?

Ni naiz izotz erregina! Izenburuak edo etiketak jartzea asko kostatzen zait, baina Izotz erregina heldu zen jendeak beti esaten didalako pertsona hotza naizela. Ez da egia, ordea. Horregatik, EParen lehenengo abestiaren izena Piztu nire sua deitzen da. Izotz erregina urtzea da asmoa, ea lortzen dugun. 

Emakumea, sortzailea eta euskalduna. Zailtasun asko topatu al dituzu bide profesionalean?

Emakumea, sortzailea eta euskalduna naiz, bai, eta harro nago. Egia esan ez da bide erraza izan, baina borrokan jarraitzen dugu, eta poliki-poliki gauzak aldatzen ari dira. Raparen mundua gizonena izan da beti, eta estereotipoak nahiz ohiturak suntsitu egin behar dira. Egurra ematen jarraituko dut.  

Zein gai jorratzen dituzu zure abestietan?

Rap oso pertsonala egiten dut. Nire bizitzaren eta egunerokotasunean gertatzen diren gauzetaz hitz egiten dut idatzitako abestietan. Askatasunaz edota emakumeen borrokaz, esaterako. Dena lotuta dago. Nire rapa ni naiz.

Azken aldian Euskal Herrian rapa gero eta gehiago entzuten dela diote…

Bai, hala da. Hemen, Euskal Herrian, rocka eta punka entzun izan da beti, eta rapa oso berandu heldu da. Orain, baina, talde berri askok hasi dute bidea, eta badirudi rapak aurkitu duela bere tokia Euskal Herrian. Gainera, ziur nago hemendik aurrera gora egingo duela.

Rapa Euskal Herrian gauza bat da, eta besteak euskal rapa. Zein da euskal raparen osasuna?

Biak indartsu daude, gaur egun. Azken urteetan talde berri asko sortu dira Euskal Herrian, eta euskaraz egiten dutenak gero eta gehiago dira. Gure momentua da.

Zein da La Basuren ezaugarririk azpimarragarriena?

Borrokalari hutsa naizela, beti jo eta ke. 

'Musika' hitza entzun eta zein hitz datorkizu burura?

Askatasuna. Musika jarri eta sentimenduak libre doaz. Beti gozatzen eta ikasten. 

Azpeitira zatoz zapatuan. Izan al zara inoiz Sanagustin kulturgunean?

Egia esan ez dut Azpeitia ezagutzen eta gogotsu nago. Azpeitiarrek rockeatzen al dute? 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu