Juan Luis Moraza artistaren 'Tug of war' ekitaldia egin dute nuarbetarrek lagunduta

Uztarria.eus 2016ko ira. 3a, 17:26

Eguraldia lagun, Juan Luis Moraza artistak zuzenduta Tug of war (gerrako tiraldia) ekitaldia egin dute gaur, irailak 3, Nuarbeko Olaetxe zelaian. Goizetik hasita izan da zer egin eta zertaz gozatu Nuarben, eta ehundik gora lagun hurbildu dira auzora Morazak zuzendutako ekitaldian parte hartzera. Nuarbeko Sokatiraren Museoa bisitatzeko parada izan dute aurrena, eta ondoren, Nuarbeko eta Mutrikuko sokatiralariek erakustaldia egin dute. Morazaren argibideak entzun ondoren, sokatiralariek bi tiraldi egin dituzte aurrena, eta jarraian sokaren bi muturrak askatzen hasi dira pixkanaka. Sokaren muturrak gehitzen joan diren heinean, dozenaka herritar batu da egitasmora, eta guztien artean askatutako sokarekin sare bat osatu dute, txalaparta doinuen artean.

Ekitaldia amaituta, sabela betetzeko tartetxoa hartu dute, eta sardina jana egin dute hainbat nuarbetarrek antolatuta. 

Ekitaldia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitako Bake-ituna proiektuaren bueltan egin dute, Aldiriak sailean.

(Argazkiak: Nerea Uranga)