Lehen batzar irekia egitearekin batera inauguratu du hauteskundeetarako bulegoa Azpeitiko EH Bilduk

Uztarria.eus 2016ko ira. 2a, 11:48

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen aurretik lehen batzar irekia egin zuen atzo, irailak 1, Azpeitiko EH Bilduk, hauteskundeetarako zabalduko duen lokala inauguratzearekin batera. Dozenaka herritar hurbildu zen batzarrera zein lokalaren inauguraziora, eta Azpeitiko EH Bilduk adierazi du "oso gustura" daudela herritarrek deialdiari emandako erantzunarekin.

Bulegoa Goiko Kalean zabaldu du EH Bilduk, eta hauteskundeetara begirako lanak egiteko erabiliko dute lokala: Bilerak egiteko, herritarren zalantzak argitzeko, boto-paperak prestatzeko eta posta bidezko botoaren argibideak emateko, besteak beste. Azaldu dutenez "herria egitea" da euren xedea, eta hauteskundeetarako egoitzako egutegia "laster" argitaratuko dutela jakinarazi dute.

"Hiru aste soilik gelditzen zaizkigu, eta lan asko dago egiteko. Dena den, gogotsu gaude, herritarrak ere hori erakutsi digutelako", azaldu du Azpeitiko EH Bilduk.