Ingurumen Hamabostaldia abian da

Uztarria.eus 2016ko eka. 6a, 18:58
Ingurumen Hamabostaldiaren kartela.

Aurreko asteko Betharrameko erakusketaren ondoren, aste honetan eta datorrenean tailerrak eta ikastaroak izango dira, Udalak eta Ingurugiro Etxeak elkarlanean eta Eskola Agenda 21 egitasmoarekin baitan antolatuta.

Atzo, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen. Data horren bueltan antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Ingurugiro Etxeak dagoeneko abian den Ingurumen Hamabostaldia. Eskola Agenda 21 egitasmoaren baitan antolatu dute egitaraua eta, beraz, herriko ikastetxeek eta ikasleek pisu berezia dute hamabostaldian.

Joan den astean material birziklatuekin sortutako eskulanen erakusketa egin zuten Betharramen, eta harekin abiatu zuten Ingurumen Hamabostaldia. Aste honetarako eta datorrenerako, berriz, tailerrak eta ikastaroak prestatu dituzte. Ekainaren 17rako, berriz, ibai garbiketa jarri dute; horrekin bukatuko dute hamabostaldia.

Hau da Ingurumen Hamabostaldiaren barruan datozen egunetan garatuko duten egitaraua:

Ekainak 11

  • Belarren erabilerak familian ezagutzen tailerra, Ingurugiro Etxea Museoan. 10:00etatik 12:00etara izango da. Plazak mugatuta daude eta, beraz, aurrez izena eman behar da, museoan bertan edo 943812448 telefonora deituta.

Ekainak 13, 15 eta 17

  • Baratze zaintza ikastaroa, Zelai Luzeko baratzean. Parte-hartzaileak: Azpeitiko ikastetxeak.

Ekainak 17

  • Ibai garbiketa. Herriko ikastetxeek eta Baigera jubilatuen elkarteak hartuko dute parte. Horiez gain, interesa duen edozein herritarrek har dezake parte, Ingurugiro Etxea Museora deituta (943812448 telefonoa).