Zabalik dira hauteslekuak, eta herritarrak hasi dira botoa ematen

Uztarria.eus | Politika
2016ko eka. 5a, 09:33

Iritsi da ekainaren 5a, eta herritarrak hasi dira botoa ematen. 09:00etan, plazako erlojuaren kanpaiak jo ostean, zabaldu dituzte hauteslekuak, eta 90 urteko Ana Mari Irigoien eta 16 urteko Oihana Agirretxe izan dira botoa ematen aurrenak. Plazako mahaian eman dute botoa, independentziaren inguruko herri galdeketan.

Mahaiak zabaldu orduko inguratu da jendea botoa ematera, eta 20:00ak arte izango dira zabalik. Azpeitian erroldatuta dauden eta gaur 16 urte beteta dituzten herritarrek eman ahal izango dute botoa. Maiatzeko datuen arabera, 12.142 herritar daude botoa ematera deituta. Dena den, Azpeitian erroldatuta dauden baina kanpoan direnek ez dute botoa ematerik izan, ezin izan dutelako jarri posta bidezko botoa emateko aukera.

Boto-emaileek nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatu beharko dituzte hautes-mahaira joandakoan. Horretarako, erabil dezakete NA, baldin eta bizilekuan Azpeitia agertzen bada. Bestela, NA eta errolda agiria  edo EHNA, gidabaimena, pasaportea, AIZ (NIE) edo argazkidun edozein agiri ofizial eta errolda agiria aurkeztu beharko dituzte. Hori bai, agiri horiek guztiek orijinalak izan beharko dute. Errolda agiririk ez dutenek, egunotan Hautesle-errolda Bulegotik etxeetara bidali dituzten errolda-txartelak ere baliatu ahalko dituzte botoa emateko.

Zortzi tokitan eman daiteke botoa; ohiko tokietan eta Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Hauteskundeetan ez bezala, edozein mahaitan eman ahalko dute botoa herritarrek, baina hauteslekuak eraikinen kanpoaldean egongo dira. 20:00ak arte egongo dira zabalik; gero hasiko da kontaketa.

Herri galdeketaren emaitzak 21:30ak aldean jakinaraziko dituzte Hitzartuko kideek, eta orduan egingo dituzte egunaren gaineko balorazioak eta. Hala ere, egunean zehar parte-hartze datuak plazaratuko dituzte. Aurreneko datua 13:00etan emango dute, bigarrena 17:00etan, eta, azkena, 20:00etan.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu