Jagoba Beobidek (Azpeitia, 1987) laugarren denboraldia bete du Alavesen eta atzo, igandea, bigarren igoera ospatzeko modua izan zuen. Izan ere, Gasteizko taldeak 2016-2017 denboraldian Espainiako Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen Mendizorrotzan, Numanciari 2-0 irabazita. Deialdian sartu arren, atzoko neurketa jokatu gabe gelditu zen Beobide.
2012-2013an, azpeitiarrak taldean egin zuen lehen denboraldian, Bigarren B-tik Bigarren Mailara igo zen Alaves. Hiru urteren buruan, gorengo mailarako jauzia egin dute gasteiztarrek, Beobide tartean dela. Taldeak igotzeko zituen aukerez galdetuta, "hankak lurrean izan behar ditugu" eta "oso-oso zaila izango da, talde oso onak daudelako", zioen Jagoba Beobidek urtarrileko Uztarria aldizkarian egindako elkarrizketan.