Joxean Agirre: "Ofizio guztiak dira politak, baina gurea, idazleona, oso berezia da"

Zarauzko Hitza | Kultura
2016ko mai. 12a, 14:19

Gizajoen katalogoa eleberria argitaratu berri du Zarautzen bizi den Joxean Agirre idazle azpeitiarrak, ohikoak dituen umorea eta sentsualtasuna uztartuz. Oraingo honetan bera ere agertzen da liburuan.

Joxean Agirre (Zarauzko hitza).  Ikusi haundiago | Argazki originala

Eleberri bat idatzi nahi duen gizonezko bat da Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) liburu berriko protagonista eta narratzailea. Literatur eskolako irakasleak horretarako dohainak dituela esango dio, baina sortze prozesuan murgiltzen joan ahala, bizitza aldrebesten joango zaio. Parodia giroko eleberria da Gizajoen katalogoa (Elkar), eta katalogo edo hiztegi labur bat ere txertatu du bertan. Gainera, autofikzioari ere tartetxo bat eskaini dio. 

Literaturak eman dizkigun heroi galtzaileen zerrenda. Modu horretan definitzen du eleberriko protagonistak lantzen ari den gizajoen katalogoa.

Literatura garaikidean estilo horretako pertsonaia asko dagoela uste dut. Felix de Azuak esaten du arte garaikidea eta literatura gehiago gerturatzen direla karikaturara argazkira baino. Gizajo maitagarriak dira, batzuon antzekoak. Gizajoen zerrenda honetan oso jende diferentea sartu dut: batzuk ez dira literaturatik jasoak, baizik eta haragizkoak; batzuk erabat gizajoak dira eta besteak moderatuagoak... Bat da erabat gizajoa dena, Juan Jose Millasen igeltsero atzeratua: oilategia egiten du eta ez du aterik uzten ateratzeko. Metafora polita iruditzen zait, artista eta idazleen obrarekin gauza bera gertatzeko arriskua dagoelako, betiere muturrera eramanda. Zeure lanean murgiltzen zarenean, hor geratzeko arriskua dago.

Liburuko gizajorik handiena narratzailea bera dela esan al daiteke?

Berak zerrenda hori egiten du, haiekin identifikatuta sentitzen delako. Ederrena hasierakoa da, Romain Garyrena. Neskari esploratzaileak gustatzen zaizkiolako Marseillara joaten den bizargin baten istorioa jaso dut, eta honek postalak bidaltzen dizkio, mundu osoan dabilela kontatuz. Pentsatzen duzu zeinen gizajoa den eta nolakoak garen. Izan ere, askotan sekulako zorakeriak egiten ditugu emakume bategatik. Narratzailearen bizitza korapilatzen joango da liburuan, baina ez dut uste gizajoa bihurtzen denik, bera baita horrelakoa. Duintasunez daraman zerbait da.

Literatura eta metaliteratura presente daude uneoro, baina modu oso parodikoan aurkeztuta. Euskal literatura serioegia delako akaso?

Ahala hori gustatzen zaidalako egin dut lan parodiko bat. Euskal literatura oso zabala bihurtu da, eta ziur badela halakorik. Literaturekiko mendekotasuna, zerbait sortzeko antsietate hori nahiz dauden azelerazio uneak eta idorraldi handi horiek... Idazlei buruz karikatura asko egin izan da; esaterako, Ramon Saizarbitoriak Martutene lanean izugarri onak egiten ditu Martin pertsonaiarekin. Parodia badago, beraz.

Jarraitu irakurtzen, Zarauzko Hitzaren webgunean.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu