Udaltzaingoak lehen auto elektrikoa estreinatu du

Uztarria.eus 2016ko api. 26a, 18:45

Azpeitiko udaltzainek ibilgailu berria estreinatu dute gaur, asteartea: elektrizitatearekin mugitzen den kotxea (argazkian). Udal arduradunek azaldu dute Udaltzaingoarentzat ibilgailu berria erosi beharra zutela eta "enegiaren kontsumoa gutxitu eta etorkizun jasangarriago bat eskaintzeko" helburuarekin, "pauso bat gehiago ematea" erabaki dutela, auto elektrikoa erosita: "Kotxe elektrikoa erostearen alde egin dugu horrelako kotxeek, gasolinarik ez gastatzeaz gain, CO2 isuriak nabarmen gutxiago isurtzen dituztelako airera”, nabarmendu du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Atzo jarri zuten Plaza Txikian, Udaltzaingoaren bulegoen aurrean, kotxe berria kargatzeko postea, eta gaur eguerditik martxan da autoa bera. "Lehenengo kotxe batekin egingo dugu proba, baina honek ongi funtzionatzen badu, etorkizunean ere auto elektrikoen aldeko apustua egingo du Udalak", gaineratu du Bereziartuak.

13.500 euro ordaindu ditu Udalak auto elektriko berriarengatik.