Emmanuel Bett keniarra (1:01:47) eta Zulema Fuentes Pila espainiarra (1:16:32) izan dira azkarrenak XXIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian; Bettek, horrenbestez, bigarren aldiz jarraian irabazi du Diego Garciaren omenezko proba. Keniako beste bi korrikalarik osatu dute gizonezkoen podiuma, Moses Kipkosgeik (1:01:59) eta Edwin Koechek (1:02:47). Emakumeen lasterketan, Paula Gonzalez espainiarra izan da bigarrena (1:17:31) eta Fatima Ayachi marokoarra hirugarrena (1:21:04). Markarik ez dute ondu aurtengo edizioan; beroa, hezetasuna eta haizea kontra izan dituzte atletek zapatu arratsaldean.
Gipuzkoako Txapelketa ere jokoan izan da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian; Ander Sagarzazu (1:09:50) eta Lurdes Colomo (1:27:26) nagusitu dira. Elbarrituen lasterketan Ion Galarraga nagusitu da (0:42:16). Roller lasterketan, berriz, Sergio Rodriguez eta Berezi Martinez de Lafuente izan dira azkarrenak
Azpeitiarren lana
Maratoi erdian, Xabier Lasa eta Myriam Aramendi izan dira lehen azpeitiarrak. Lasterketa laburrean, berriz, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da emakumerik azkarrena; mutiletan Asier Fernandez azkoitiarrak irabazi du.