Ekitaldi ezberdinak egingo ditu urte osoan zehar Udal Musika Bandak, taldearen 150. urteurrenaren harira

Uztarria.eus 2016ko ots. 19a, 11:46
Atzo, osteguna, Udal Musika Bandak egin zuen agerraldia

Otsailean hasi eta abendura bitarterako, ekitaldi ezberdinak egingo ditu Udal Musika Bandak, herriko beste hainbat taldeekin batera. Urte amaieran Musika Bandaren historioa biltzen duen liburua argitaratzea ere aurreikusten dute. 

150 urte egiten ditu aurten Azpeitiko Udal Musika Bandak. Horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dute otsailean hasi eta abendura bitarterako, herriko hainbat talderekin elkarlanean. Hala adierazi zuten bandako kideek, atzo, osteguna, egin zuten agerraldian. 

Atzo hasi ziren prestatutako ekitaldiekin. Izan ere, agerraldiaren ondoren pintxo-pote musikatua egin zuten Alde Zaharreko tabernetan zehar, Musika Bandako kideek. Horrela, kaleak girotzen aritu ziren, Azpeitiko Tabernarien Elkartearekin elkarlanean antolatutako egitasmoan. 

Hemen prestatu dituzten ekitaldiak, hilabetez hilabete:

Martxoa: 

Azpeitiko Alde Zaharreko monumentu batzuk bisitatuz, kontzertu turistikoa egingo dute. Ekitaldi hori, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileekin elkarlanean egingo dute, Azkoitia-Azpeitia kultura ekimenaren baitan. Urola Turismo eta Iraurgi Berritzen taldeak ere lagunduko dute egitasmoa. 

Maiatza: 

Kontzertu tematikoa egingo dute, trena gai gisa hartuta. Burdinbidearen Euskal Museoan izango da kontzertua eta kantu guztiak trenaz hitz egingo dute. Ekimen hau, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioarekin elkarlanean egingo dute. 

Ekaina: 

Xanjuandegiko festetan kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak. Horrez gain, San Juan festetan ere izango dira musika jartzen. 

Uztaila: 

Pelikuletako soinu bandean kontzertua eskainiko dute, kioskoan. Bitarte horretan, film ezberdinetako irudiak proiektatuko dituzte. Paradisu Zinema Zine Klubarekin elkarlanean antolatu du Musika Bandak ekimen hori.

Saninazioen atarian, pasodobleen kontzertua eskainiko dute. Aurten kioskoan izango da, lehen aldiz. Saninazioetarako "egitarau zabala" antolatuko dutela ere jakinarazi zuten.

Iraila:

Banden alardea egingo dute. Horretarako kalejira ezberdinak egingo dituzte eta kontzertu bat eskainiko dute. Ekimen horretan, Azpeitiko Udal Musika Bandaz gain, beste lau herritako taldeek hartuko dute parte.

Urria:

Sahatsa dantza taldeak antolatutako ikuskizunean hartuko du parte Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera.

Azaroa:

Data jakin bat dute borobilduta: Santa Xexili eguna, musikaren patroiaren eguna. Aurtengoan "bandako kide izan diren guztiekin ospatu nahi" dutela adierazi zuten atzoko agerraldian eta horretarako bandakide izandako herritar orori bi gonbidapen egiten dizkiote: kontzertuan abestiren bat jotzera animatzea eta ondoren egingo den bazkarira joatea.

Abendua:  

Herriko talde ezberdinek parte hartuko duten ekitaldia egiteko asmoa dute Kultur Mahaiarekin elkarlanean. Horrez gain, Gabonetako kontzertua eskainiko dute eta urte zaharretako kalejira ere egingo dute. 

Ekitaldiez gain, urte amaierarako Udal Musika Bandaren historia biltzen duen liburua argitaratzea aurreikusten dutela azaldu zuten bandako kidee. Eñaut Frantzesena bandakidea ari da liburua idazten. Horrez gain, azaldu zuten, urteurrenaren harira pin-ak ere atera dituztela.

Musika Bandako kideek eskerrak eman zizkion Udalari. "Ekitaldi guzti hauek aipatu dizkiegunean laguntzeaz gain bultzada ere eman digute Udaletik", azaldu zuten eta gaineratu zuten "beraien lanagatik ez balitz" ezin izango zituztela ekimenak aurrera atera. 

Denboran atzera

"Ez da erraza izan bandak zenbat urte dituen zehaztea", Udal Musika Bandako kideen hitzetan. Hala ere, azaldu zuten Imanol Eliasek idatzitako Efemerideak (Uztarria) liburua hartu zutela erreferentzia bezala data bat zehazterako orduan. Eliasen liburuan bandari egiten zaion lehen erreferentzia 1866. urtekoa dela aipatu zuten, "otsailaren 18koa zehazki". Hau da, atzoko egunez 150 urte atzera eginda denboran. "Beraz, urte hau hartu dugu gure sorrera urte bezala eta ondorioz, 2016a gure 150. urteurrena bezala ospatzen ari gara", azaldu zuten.