Gasteizko erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko

Uztarria.eus 2016ko urt. 27a, 13:53

Azpeitiko hainbat emakumek elkarretaratzea deitu du bihar, osteguna, arratsalderako. 19:00etan izango da kontzentrazioa plazan, astelehenean Gasteizen (Araba) gertatutako erasoa salatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeriak ez! lelopean elkarretaratzea deitu dute bihar, osteguna, arratsalderako Azpeitiko hainbat emakumek. Plazan izango da kontzentrazioa 19:00etan, Gasteizen (Araba) gertatutako erasoa salatzeko. Izan ere, 30 urteko gizoneko batek 17 hilabeteko haurra lehiotik bota eta haren ama erasotu zuen joan den astelehenean. Gertakari hau "egungo gizarte ereduak sostengatzen duen egiturazko indarkeria matxistaren izebergaren punta" dela adierazi dute Azpeitiko hainbat emakumek. 

Joan den astean jakinarazi zuen Azpeitiko Bilgune Feministak aldi baterako jarduna etetea erabaki zuela. "Hutsune horren aurrean" herriko hainbat emakumek salaketa "euren gain" hartzea erabaki dutela jakinarazi dute. Izan ere, horien hitzetan "horrelako gertakarien aurrean ulergaitza izango litzateke beste alde batera begiratu, eta ezer gertatu ez balitz bezala aritzea". 

Elkarretaratzearen deitzaileen esanetan "guztion ardura da indakeria kasuei aurre egitea eta eraso hauekin bukatzea". Horregatik, "gizarte matxista hau iraultzeko" biharko kontzentraziora hurbiltzeko dei egiten diete herritarrei.