Proiektuen Azoka (K)idea egitasmoaren jardunaldia egingo dute zapatuan Loiolan

Uztarria.eus 2015ko aza. 26a, 19:50

"Gizarte-inplikazioko proiektuak sortzea eta hobetzea" helburu duen proiektua garatzeko bat egin dute Impact Hub Donostiak eta Donostia 2016k. Azpeitikoa Gipuzkoan egingo dituzten lau topaketetako bat izango da.

Proiektuen Azoka (K)idea egitasmoaren jardunaldia egingo dute azaroaren 28an, zapatua, Loiolan. 09:15ean hasita, egun osoko egitaraua prestatu dute. Santutegiko Aterpetxean egingo dute jardunaldia. "Gizarte-inplikazioko proiektuak sortzea eta hobetzea" Proiektuen Azoka (K)idea-ren helburua eta hori garatzeko bat egin dute Impact Hub Donostiak eta Donostia 2016k. Azpeitikoa 2015ean eta 2016an zehar Gipuzkoan egingo dituzten aurrez aurreko lau topaketetako bat izango da. Horrez gain, proiektua garatzeko plataforma birtuala ere badute, proiektuenazoka.org.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "Proiektuen Azoka (K)idea-k topaketa fisiko eta birtualak sustatzen ditu, ideiak, baliabideak eta tresnak partekatzeko. Besteengandik ikasteko, eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko espazioak, gure proiektuetan harago egiteko. Sorkuntza kolektiboaren alderdian, aurkeztutako ideia eta proiektuak aberastea sustatuko du. Prestakuntzaren alderdiak, bestalde, pertsonak gaituko ditu, proiektuak prestatu, diseinatu eta garatzeko".

Egitaraua

Bailarako hainbat proiektuk eta eragilek hartuko dute parte, besteak beste, Loiolako topaketan. Hau da zapaturako prestatu duten egitaraua:

  • 09:15-10:00 Aurkezpena / Ongietorria / Gosari emankorra.
  • 10:00-10:30 Proiektuen Azoka Kidea.
  • 10:30–13:15 Praktika / Proiektuen aurkezpena.
  • 13:15-14:30 Catering / Tokian tokiko ekoizleak.
  • 14:30-17:15 Ikasketak / Komunikazioa, kudeaketa, iraunkortasuna eta baloreak.
  • 17:15-18:00 Balorazioa.
  • 18:00-18:15 Hurrengora arte.