Oier Aranzabal: "Elkarlanetik sortutako proiektua da Lou Topet"

Uztarria.eus | Kultura
2015ko aza. 26a, 11:06

Lou Topet Zarauzko taldeak eta Harkaitz Cano idazleak Abesti bat gutxiago disko-liburua kaleratu dute. Igandean Sanagustin kulturgunean izango dira 19:00etan hasita; aurretik, berriz, Giorgio Bassmattiren Oso Fan proiektuaz gozatu ahal izango da. Bost musikarik osatzen dute Lou Topet, eta Oier Aranzabal (Zarautz, 1988) taldeko abeslariarekin eta gitarra jotzailearekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Harkaitz Cano eta Oier Aranzabal, Lou Topet taldeko kideak. (Juan G. Andres)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Proiektuari 'Abesti bat gutxiago' izena jarri diozue. Zer dela eta?

Jakin gabe sortu zen proiektu hau. Harkaitz Cano eta biok jolasten hasi ginen, AEBetako artisten hainbat abesti itzultzen. Abesti batekin hasi zen kontua, eta forma hartzen joan zen. Ohartzerako disko bat genuen eskuartean. Izena sortu zen Donostiko Garoa liburudendan Canok-eta eskaini zuten hitzaldi batetik. Arkitektura eta literatura uztartzen zituen hitzaldi bat eskaini zuten, eta han Canori galdetu zioten eraikin bat nola eraikiko lukeen, nondik hasiko litzateken eraikin bat eraikitzen. Eta arkitekto bati galdetu zioten nondik hasiko litzateken istorio bat eraikitzen. Jokoa hori zen. Canok erantzun zuen eraikuntza bat eraiki baino lehen erabaki behar zela eraikuntza hori behar zen ala ez. Badaudelako hainbat eraikuntza okupatu daitezkenak eta berrerabili daitezkenak, zeure egin ditzakezunak. Hori eraman genuen abestietara eta musikara, eta hortik etorri zen Abesti bat gutxiago, abestiak okupatzeko eta abesti horiek geure bihurtzeko asmo hori.

Zer motatako bertsioak egin dituzue?

Bertsio denak dira gustuko ditugun edo azken urteetan entzun ditugun abeslarienak. Gehienak estatubatuarrak dira. Diskoan sartu ditugun hamaika abestiak, bat kenduta, Estatu Batuetako artistenak dira: John Hiatt, Pete Seeger... 'Amerikana' genero kutsukoak dira. Guk nahi genuena zen abesti horiek geurenagatzea; gure antz pixka bat eman eta euskaraz abestea.

Elkarrizketa batean esan zenuen ingelesez kantatzean "deseroso" sentitzen zinela...

Bai, hala da. Aurreko diskoa ere euskaraz atera genuen, eta beti euskaraz jardun izan dugu. Baina, egia da, aurreko diskoaren aurkezpenetan-eta jotzen genituela pare bat bertsio eta ingelesez kantatzen genituela. Eta ni deseroso sentitzen nintzen. Bertsio bat, definizioz, abesti bat zeure egitea da, eta ingelesa ez da nirea. Nahiz eta ulertu eta, hein handi batean jakin, ez da nire hizkuntza. Nire hizkuntza ez den batean abestea ez zait benetakoa egiten, izan gaztelania edo ingelesa. Hortik sortu zen Cano eta nire arteko jokoa. Abesti kuttun batzuk banituen, eta kanta horien bertsioak jo behar bagenituen, itzuli egin behar genituela jarri nuen erronka moduan. Horregatik, abesti bat bidali nion Canori, eta itzuli egin zuen. Haren atzetik beste bat, eta ondoren, beste bat...

Beraz, diskoa osatzerakoan Harkaitz Cano izan duzue bidelagun?

Gaur egungo euskal musikaren letragile oparoena da Harkaitz Cano. Musika talde ugariri egiten dizkio letrak. Bera, gainera, oso musikazalea da, musika asko entzuten du, musikari asko ezagutzen ditu... Musikari lotuta egon da beti, gaztetan tronpeta jotzen zuenetik. Esaten du utzi egin behar izan zuela, ez zelako berea. Eta, beti aipatu izan dugu, hau berarentzat egindako proiektua dela. Ez letrak egiteko, letren inguruan hitz egiteko baizik. Izan ere, diskoa eta liburua da Abesti bat gutxiago. Ehun orri inguruko liburua kaleratu dugu, eta ehun horri horietan letragintzaren, itzulpengintzaren eta musikagintzaren inguruan hitz egiten du Canok, beste inoiz hitz egin ez duen moduan. Beraz, Cano baino pertsona aproposagorik ez zegoen lan honetarako. 

Nolatan egin duzue liburua?

Hasi ginen abestiak itzultzen eta itzultzen, eta diskoa atera zen. Itzulpen prozesuan gelditu egiten ginen Cano eta biok, ideiak elkarbanatzen genituen, eztabaidatu... Azken batean, abestiak itzultzerakoan zalantza eta arazo asko sortzen dira. Adibidez, abesti batek Detroit aipatzen badu, Detroit itzuli behar den edo hemengo hiri bat aipatu behar den; edo hainbat esapide, matxistak izan daitezkenak baina egun inongo arazorik gabe kantatzen ditugunak, aldatu behar diren. Zalantza asko sortzen dira bide horretan, eta eztabaida horiekin konturatu ginen hausnarketa horiek merezi zutela liburu bat; merezi zuela horien inguruko eztabaida zabaltzea. Gauza asko ukitzen dira liburuan, musikari eta literaturari lotuak.

Harkaitz Canoz gain, beste hainbat kolaborazio ere izan dituzue proiektua gauzatzerakoan, ezta?

Bai. Elkarlanetik sortutako proiektua da. Igandean Sanagustin kulturgunera azaltzen direnek ikusiko dute, baina banda handi batekin gatoz. Joserra Senperena dator pianoa eta Hammond organoarekin, Rafa Rueda gitarra elektrikoarekin... Eta gure aurretik Giorgio Bassmattik joko du Oso Fan proiektuarekin. Horiek guztiek eta gehiagok hartu dute parte diskoa egiterakoan: diseinuan, maketazioan... Finean, jende askoren arteko elkarlanetik sortu da diskoa, Lou Topet talde malgu bat da-eta. Proiektu bakoitzean jendea batzen da taldera, eta zentzu horretan ez da talde karratu bat.

Crowdfounding erabili duzue proiektua aurrera ateratzeko. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso esperientzia ona izan da. Euskal musikagintzan arazo bat daukagu: lehen erreferente genituen hainbat eta hainbat disketxe edo erori dira edo indarra galdu dute. Eta ez dute apusturik egiten. Orduan, ekoizpen modu berrietara jo behar dugu, eta horrek abantailak eta desabantailak ditu. Guk aurrenekoz probatu dugu crowdfoundinga, hainbat ideia interesgarri barnebiltzen dituelako. Adibidez, komunitate bat sortzea. Zure musika gustatzen zaion jendearekin komunitatea sortu, beraiekin elkarlana sustatu, beraiek ere ekoizle egin... Disko honen ekoizpena crowdfounding bidez eginda lortu dugu ehundik gora lagun ezagutzea eta hartu eman berezi bat sortzea. Izan ere, beraiekin partekatu ditugu abestiak inorekin baino lehenago, mezuak gurutzatu ditugu horiekin, eta lortu dugu komunitatetxo bat sortzea. Orain gure erronka da komunitate hori mantentzea eta zaintzea. 

Kontzertu batzuk eskaini dituzue dagoeneko. Zer moduzko harrera izan duzue?

Ona. Kontzertu berezi bat egin genuen, erdi ezkutuan, Donostiako Le Bukowskin. Proba moduan egin genuen, eta gure buruak berotzeko. Aurkezpena, berriz, Zarauzko Modelo aretoan egin genuen, eta bete egin zen. Oso gustura gaude. Orain kontzertu dezente ditugu. Abisatu digute Azpeitia oso plaza zaila dela, baina konfiantza daukagu. Ez gara ezerekin kilkitzen eta jendea joango dela uste dugu.

Zer espero duzue igandean?

Ondo pasatuko dugu, hori argi daukagu. Sekulako banda eramango dugu. Niretzat luxu bat da halako bandarekin jotzea. Boskotea gara, eta hori mugitzea eta boskotean jotzea luxu bat da. Zentzu horretan, oso ondo pasatuko dugu eta espero dugu bertaratzen direnek ere ondo pasatzea. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu