Autobus geltokietan aldaketak, Kros Mistoa dela eta

Uztarria.eus 2015ko urr. 29a, 13:30

Etzi, zapatua, anbulatorio aurreko, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko eta Julian Elorzako autobus geltokiak lekuz aldatuko dira, VI. Kros Mistoa dela eta. 18:15etik 19:45ak bitartean izango dira aldaketak. 

Azpeitiko Herriarteko VI. Kros Mistoa dela eta, zapatuan, hilak 31, anbulatorio aurreko, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko eta Julian Elorzako autobus geltokiak lekuz aldatuko dira. 18:15etik 19:45ak bitartean izango dira aldaketak. Anbulatorioan ez da geldituko autobusa. Burdinbidearen museoaren ondoko eta Julian Elorzako geltokien ordez, bariantean egingo du geldiunea autobusan, museoko oinezkoentzako zubiaren parean.

Ikasberri Kirol Elkarteak antolatu du Euskal selekzioaren aldeko lasterketa. 18:30ean hasiko da 6,7 kilometroko proba, plazan. Internet bidez 46 bikotek eman dute izena gaur artean. Oraindik iskribatu ez direnek ere badute horretarako aukera. Lasterketaren eguna baino lehen izena ematen duten bikoteek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta Azpeitian Aitzaki Kirolaken, Aradi-Robers Kirolaken, Santi Lazkanon eta Mugi Kirolaken eman ahal izango da izena; Azkoitian, berriz, Plaza Berri Sport dendan. Internetez ere inskribatu daiteke www.herrikrossa.com webgunean.