Emaitza kontrajarriak Iraurgiren bi talde nagusientzat

Uztarria.eus 2015ko urr. 12a, 18:11

Añares Riojak garaipenik batu gabe jarraitzen du Emakumeen Ligan, CREF ¡Hola!-ren etxean 77-53 galdu ondoren. Sammic-ek, aldiz, Zilarrezko LEB ligaren denboraldi berriko lehen partida irabazi du, luzapen eta guzti, Tarragona 83-78 gaindituta.

Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiek ligako partidak jokatu dituzte asteburuan, baita emaitza kontrajarriak lortu ere.

Emakumeen Ligako laugarren jardunaldia osatu zuen Añares Rioja ISBk Madrilen, CREF ¡Hola! taldearen etxean, eta garaipenen zerrenda hutsean dutela itzuli dira etxera Joseba Lizarralde Rubio-renak. Madrildarrak lehen laurdenean nagusi izan ondoren, bigarreneko partziala Iraurgikoentzat izan zen. Atsedenaldian zazpi puntu atzetik ziren Añares Riojakoak (39-32). Hirugarren laurdenean etxekoek hartu zuten berriro partidaren gidaritza, eta partidaren azken zatian etorri zen Iraurgikoen beherakada nabarmena, 20-8ko partzialarekin. 77-53 izan zen azken emaitza. Marina Markovic-ek 30 puntu batu zituen, baina gainerako taldekideen ekarpena oso urrun gelditu zen, puntuei dagokienez. Añares Riojako lau jokalarik bakarrik lortu zuten saskiratzeren bat.

Bestelako emaitza lortu zuen Sammic ISB-k Zilarrezko LEB ligaren bigarren jardunaldian. Etxeko lehen agerraldian, 83-78 irabazi zioten Iker Buenoren mutilek Tarragonari, denboraldiko lehen garaipena sinatuz. Emoziorik ez zen falta izan kiroldegian. Makal hasi eta indartsu bukatu zuen partida Sammic-ek. Hasiera motelaren ondorioz, arauzko denbora guztian markagailuan atzetik ibili ziren etxekoak. Azken laurden bikainari esker (18-8ko partzialarekin), azken unean lortu zuten markagailua berdintzea (69-69) eta luzapena behartzea. Eta hor bai, Iraurgikoen goranzko joera eta kataluniarren beheranzkoa garbi ikusi ziren.