Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVI. Zikloa

Uztarria.eus 2015ko ira. 29a, 13:44
Azpeitiko, Azkoitiko eta Beragarako udal ordezkariak eta organo-jotzaileak, plazan.

Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran izango dira kontzertuak urriaren 18a bitartean. Azpeitikoak Loiolako basilikan izango dira, eta Azkoitikoak eta Bergarakoak, berriz, herri bakoitzeko parrokietan. 

Zapatuan hasi eta urriaren 18a bitartean Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVI. Zikloaz gozatu ahal izango da Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran. Hiru herrietako elizetan izango dira emanaldiak; Azpeitian Loiolako basilikan, Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokian eta Bergarako Santa Marina parrokian, hurrenez hurren. 

Zikloaren egitaraua atzo, astelehena, aurkeztu zuten Azpeitiko udaletxean, eta aurkezpenean izan ziren hiru herrietako udal ordezkariak, eta Jose Luis Frantzesena zein Esteban Elizondo organo-joleak. Aurkezpenean gogora ekarri zuten Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako elizetako organoek duten maila gorena eta baita zikloan parte hartuko duten musikariena ere. Elizondoren aburuz, "nazioartetik etortzen da hona jendea, antolatutako kontzertuak entzutera, altxor handia diren organoak ditugulako herri hauetan. Ondarea historiko dira organo hauek eta erabili egin behar da, eta horren adibide da Organo Erromantikoaren Nazioareteko zikloa". Jose Luis Frantzesena organo-jotzaile azpeitiarrak esan zuenez, Azpeitiak "asko zor" dio organoari: "Espainiako eta Amerikako organo asko Azpeitian egindakoak dira. Azpeitiko hainbat familia aritu izan dira organoak egiten, eta Akilino Amezua da organogile horietako bat. Gainera, egun, organo-jotzaile onak ditugu herrian eta eskola ere martxan da. Egun zortzi ikasle dira herrian".

Juan Antxieta eta Bergarako musika eskolako ikasleek Santa Marina parrokian eskainiko dute kontzertu berezia urriaren 17an, 11:00etan hasita. Bertan, bost ikaslek hartuko dute parte: Arantxa Sagarzazuk, Elena Lakak, Leo Joaristik, Ignacio Arakistainek eta Mikel Arenasek. Azken bi horiek azpeitiarrak dira.

Hemen, zikloaren egitarau osoa:

Azpeitia (Loiolako basilika)

Urriak 4, igandea, 20:00etan: Jose Santos de la Iglesia organo-jotzailea eta Angel T. San Bartolome tronpeta-jotzailea.

Urriak 11, igandea, 20:00etan: Rolf Henry Kunz organo-jotzailea.

Urriak 18, igandea, 20:00etan: Ana Belen Garcia organo-jotzailea eta Donostiako Ereski abesbatza.

Azkoitia (Amabirjinaren Jasokundearen parrokia)

Urriak 3, zapatua, 20:00etan: J.J. Etxeberria eta Mariatxen Urkia bakarlariak eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea.

Urriak 10, zapatua, 20:00etan: Stefan Kagl organo-jotzailea.

Urriak 17, zapatua, 20:00etan: Alize Mendizanal organo-jotzailea, Arimaz kamera orkestra eta Errenteria Musikal kamera orkestra.

Bergara (Santa Marina parrokia)

Urriak 3, zapatua, 20:00etan: Angel T. San Bartolome tronpeta-jotzailea eta Jose Santos de la Iglesia organo-jotzailea.

Urriak 10, zapatua, 20:00etan: Bernhard Marx organo-jotzailea.

Urriak 17, zapatua, 20:00etan: Aitor Olea organo-jotzailea eta Aritzeta abesbatza.

Urriak 17, zapatua, 11:00etan: organo ikasleek kontzertua.