Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte astearte goizean Azpeitian

Uztarria.eus 2015ko ira. 21a, 17:28

Elkarretaratzea deitu du Duintasuna Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak biharko. 10:30ean egingo dute, plazan.

Duintasuna Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak deituta elkarretaratzea egingo dute bihar, asteartea, Azpeitian. "Gutxieneko pentsio duina" aldarrikatzeko elkartuko dira: Eusko Jaurlaritzak bermatutako gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen dute. 10:30erako jarria dute hitzordua, plazan.

EAEn 2015eko uztailean pentsio sariaren batez bestekoa 1.099 eurokoa izan arren, "pentsiodunen gehiengoa ez dela kopuru horretara iristen" gogoratu dute Duintasunekoek. "Adin handiko pertsona asko eta askoren pentsioak pobrezia egoeran bizitzera eramaten ditu, eta bereziki emakumezkoek pairatzen dute egoera larriena".

"Egoera makur" horren arduradunak "Madrileko gobernu desberdinen politika liberal eta solidaritate ezekoak" direla dio Duintasunak. Horri aurre egiteko, eta "Euskal Herriko eskubide sozialen gutunarekin bat, hemen erabaki" nahi dituzte pentsioak, eta horregatik eskatzen diete Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari Gizarte Segurantzaren transferentzia "irmotasunez exijitzea Espainiako Gobernuari". Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak pentsioak "bere aurrekontuaren arabera osa ditzala" nahi dute, aipatutako hileroko gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea bermatuz.