Kolektiboki lan eta eragin

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 30a, 13:12

Maiatzaren Lehenean Urola Kostako ELA eta LAB sindikatuek sindikalgintzaren garrantzia aldarrikatuko dute. LABek, esaterako, eskualdeka deituko ditu mobilizazioak, Langileok borrokan! Euskal Herria aldaketa bidean leloarekin. Urola Kostan oinezko martxa bat egingo dute Zestoara. Azpeititik, Etxe Zuri tabernaren aurretik, 10:00etan aterako dira.

Mugimendu sindikalaren eta antolatutako langileariaren borrokaren garrantzia nabarmenduko dute LABek eta ELAk bihar, Maiatzaren Lehenean. "Langileriarentzat oso garai gogorra delako, eta izango delako", dio Amagoia Unanue ELAko Urola Kostako arduradunak. Aldaketaren beharra ere aldarrikatuko dute bihar LABekoek, hala dio Aihotz Aiestaran Urola Kostako arduradunak: "Aldaketa aldarrikatuko dugu, herri aktibaziorako eta eraldaketa sozialerako. Hor, Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala martxa hartzen ari da. Bertan, inoiz baino eragile gehiago batu gara aldaketa baten ideiarekin, eta uste dugu eragiteko gune polita dela".

"Krisia erabiliz, kapitalak langileria zatituarazi egin du. Ondorioz, desberdintasun soziala areagotzen ari da", sindikatuek salatu dutenez. Aiestaranek horren adibide bat jarri du: "Esaterako, lehen enpresa batean ehun langile edo gehiago bloke bat ziren. Baina, orain, langileria inoiz baino zatituago dago: lantegi bakar batean, batzuk enpresak zuzenean kontratatutakoak dira, beste batzuk azpikontratatutakoak eta beste batzuk, berriz, Aldi Baterako Laneko Enpresen bidez hartutakoak".

Sistema kapitalistak krisia bere mesedetan erabili duela diote sindikatuek. "Gaur egun hazkunde ekonomiko bat ote datorrenaren ilusio faltsu bat dago, baina sistema kapitalistak krisi hau erabili du hemendik aurrerako gizarte eredu bat modelatzeko. Oinarri batzuk jarri dira, eta horrek desberdintasun soziala areagotuko du. Barne produktu gordinaren hazkundea emango da; baina arazoa da, hazkunde horrekin sortzen den lana nola banatzen den", dio Unanuek. Horrenbestez, langabezia tasa kuantitatiboen atzetik azterketa kualitatiboa egin beharra azpimarratu du.

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.