Urtero legez, Azpeitiko Argazki Elkarteak XXXVIII. Udaberriko Argazki Rallya antolatu du iganderako, apirilak 19. Ohiko moduan, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek.
Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta leku berean hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara bitartean. 16 urtetik gorakoek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea; adin horretatik beherakoek, berriz, doan eman ahalko dute izena. Apuntatzen diren guztientzako hamaiketakoa izango da, eta hala nahi dutenek, rallya amaitu ondoren egingo den bazkarirako ere izena eman ahal izango dute, egunean bertan.
Lehiakide bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du. Bertan aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan. 13:00etatik 14:00etara, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte memoria-txartel guztiak. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek korrelatiboak izan beharko dute; hau da, argazkilariek ezingo dute irudirik ezabatu.
Sari banaketa, maiatzaren 17an
Lehiaketara aurkezteko, parte-hartzaile bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 13a baino lehen posta elektronikoz azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com helbidera bidali beharko ditu, parte-hartzailearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.
Sari banaketa ekitaldia, eta rallyra aurkeztutako argazkien emanaldia, Trenaren Museoan egingo dituzte maiatzaren 17an, 18:00etan hasita. Argazki elkartekoek guztira 420 euro banatuko dituzte diru-saritan. Sari nagusien artean, irabazleak 150 poltsikoratuko ditu, bigarrenak 120 euro, eta 90 euro hirugarrenak.
Herriz herrirako puntuagarria
Udaberriko Argazki Rallyan parte hartzen duten guztiek Herriz herri rallyen ligarako puntuak lortuko dituzte.