Azpeitian 1960 eta 2014 urteen bitartean izandako eskubide urraketak jaso ditu Aranzadik txosten batean

Uztarria.eus 2015ko ots. 25a, 15:56
Juantxo Agirre, Eneko Etxeberria eta Jabi Buces.

Guztira, 97 biktima zenbatu eta 150 kasu dokumentatu dituzte urte horien artean Azpeitian. Identifikatutako kasuak urraketa motaren arabera banatu dituzte: bizitza-eskubidearen aurkako urraketa, osotasun fisikoaren eta psikikoaren aurkako urraketa, herritarren aurkako mehatxuak, estortsio ekonomikoa eta beste urraketa edo sufrimendu batzuk. 

1960 eta 2014 urteen bitartean Azpeitian izan diren eskubide urraketak jaso ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak txosten batean. Iazko urrian jakinarazi zuten Aranzadik eta Azpeitiko Udalak sufrimenduaren mapa egiten ari zirela, eta gaur, asteazkena, aurkeztu dute. 

Txostenean Azpeitian izandako hainbat motatako giza eskubideen urraketak jaso dituzte eta, guztira, 150 kasu dokumentatu eta 97 biktima zenbatu ditu Aranzadik. Identifikatutako kasuak urraketa motaren arabera banatu dituzte: bizitza-eskubidearen aurkako urraketa, osotasun fisikoaren eta psikikoaren aurkako urraketa, herritarren aurkako mehatxuak, estortsio ekonomikoa eta beste urraketa edo sufrimendu batzuk. Bi atal ditu egindako lanak: sortu duten datu basea, eta publiko egin duten eta aste honetan sarean eskuragarri izango den txostena.

"Azpeitian zer gertatu den jakiteko" balio duela txostenak esan du Juantxo Agirre Aranzadiko idazkariak, baina emaitzak ezin direla "behin betikotzat" hartu ohartarazi du: "Emaitzak partzialtzat hartu behar dira, hiru faktore tarteko. Kasu batzuetan, dokumentatutako urraketak zehatzago berretsi ahal izateko froga elementuen inguruan ikertzen jarraitu behar da. Bestalde, ahozko 13 lekukotza jaso dira, eta biltzen jarraitu behar da zuzeneko informazioa direlako eta biktimen eta haien ingurukoen sufrimendua benetan ezagutzeko froga-elementu baitira. Azkenik, giza eskubideen urraketa mota batzuek zailtasun erantsia dakarte, sufritu duten pertsonen indentifikazioari dagokionez. Proiektu honen helburuak betetzeko eta berresteko, kasu horien ikerketa eta dokumentazio lanekin jarraituko behar dugu". Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere ildo beretik hitz egin du, eta esan du "dokumentu irekia" izan behar duela txostenak.

Etxeberriak eskerrak eman dizkie Aranzadiko kideei, eta, batez ere, ikerketan parte hartu duten herritarrei: "Badakigu ez dela erraza eskubide urraketez hitz egitea, ikerketa honetako urteak, 1960 eta 2014 urteak, oso gertukoak baitira". Dena den, zehaztu du, izan direla eta badirela txostenean jaso ez diren eta legearen babesean egin diren eskubide urraketak herrian.

Metodologia zientifikoa

Lana egiterakoan, "metodologia zientifikoa" erabili dutela azaldu du Agirrek: "Txosten honek ez du interpretaziorik. Datu guztiak zehatzak dira, eta berdin balio dute ezker abertzaleko edo PSE-EEko kideentzat". Ildo beretik, "muga ideologikorik ez" dutela izan esan du. "Nazio Batuen Erakundearen irizpideak geure egin ditugu eta erreferentzia ikerlariak izan dira. Pako Etxeberria eta Martin Beristain egon dira proiektuaren atzean. Txostena egiteko bermea beraiek eman digute. Dokumentazio lana, berriz, Maria Isabel Rodriguezek eta Ana Isabel Hernandezek egin dute, eta herritarrekin zuzeneko kontaktua Javi Buces historialariak izan du.", esan du Agirrek.

Proiektuaren lehenengo fasean ezaugarri desberdinetako biktimen zenbait zerrendak jaso zituzten. Zerrenda hori egiteko, besteak beste, Euskal Memoriaren Fundazioarekin, Torturaren Aurkako Taldearekin edo Coviterekin izan ziren harremanetan. Agirrek adierazi duenez, "dokumentu horiek bigarren mailako informazio iturri direnez, zerrendak xehetasunez aztertu eta egiaztatu genituen, ahalik eta lan zehatzena eta objetiboena egiteko. Gainera, prentsan argitaratutako artikuluak, liburuak, epaitegietako txostenak zein polizia txostenak ere barreiatu ditugu". Horrez gain, harremanetan jarri ziren eskubide urraketak zuzenean edo zeharka pairatu zituzten herritarrekin: "Dozenaka testigantza jaso ditugu, eta horietako batzuk grabatu ere egin ditugu.

Azpeitia da horrelako proiektu bat gauzatu duen Euskal Herriko lehen udalerria. Agirrek esan duenez, "lan hau aitzindaria da Euskal Herrian. Izan ere, ez da horrelako ikerketa zehatzik egin orain artean".

Ikerketaren zenbait datu

  • 150 eskubide urraketa kasu eta 97 biktima.
  • Bizitza eskubidearen aurkako erasoak, hildakoak: 11 biktima, guztira. Hamar atentatuetan, eta bat heriotza zigor bidez. Horrez gain, Pasaiako sarraskiko Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isar Pelitxo aipatu ditu Javi Buces Aranzadiko historialariak. Izan ere, bertsio ofizialaren arabera, Pasaiako sarraskia "aurrez aurreko armadun borroka" izan zen, nahiz eta, garai hartako kazetariek eta epaitegietako txostenek zalantzan jarri bertsio hori. Irekita dago Pasaiko sarraskiaren auzi prozesua, eta ezin izan dute han gertatutakoa ikerketaren markoan txertatu.
  • Osotasun psikiko, fisiko eta moralaren aurkako erasoak; torturak eta bahiketak, beste batzuen artean: 83 kasu dokumentatu dituzte eta 58 biktima. Bi azpeitiar bahitu eta 54k torturak jasan zituzten. Froga gehienak biktimen testigantzetatik jaso dituzte, egindako inkesten edo elkarrizketen bidez.
  • Mehatxuak: hamasei kasu eta hamar biktima. Lekukoen frogak "funtsezkoak" izan direla dio Bucesek. "Identifikatutako gutxi zegoen, eta gehiago ere badirela konbentzituta nago".
  • Estortsio ekonomikoa: bost kasu eta lau biktima.
  • Ondasun materialaren aurkako erasoa: zazpi kasu eta zazpi biktima. 
  • Besteak: zazpi pertsona erbesteratu zituzten eta zortzi kasu dokumentatu dituzte. Horrez gain, Orden Publikoaren Auzitegiak (TOP) hamar herritar auzipetu zituen eta hamaika kasu izan ziren auzitegi horretan. Dispertsioak sei biktima/kasu eragin ditu Azpeitian. Adierazpen askatasuna urratu zaie bi azpeitiarri (Euskaldunon Egunkaria-ren kasua). Hiru herritar izan ziren zaurien biktima eta beste herritar bati, heriotza zigorrera kondenatu ostean, zigorra kendu zioten.

Aipatutakoez gain, beste eskubide urraketa batzuk ere ikertu dituzte, Besteak atalean. Hor salkatu dituzte, herbesteratuak, dispertsioak eragindako biktimak, zaurituak edo Frankismoaren garaiko Orden Publikoaren Auzitegiak (TOP) epaitutako azpeitiarrak. "Badakigu Espainian dispertsioa ez dela delitua, baina Giza Eskubideen Nazioarteko Erakundeak aitortzen du delitu gisa, eta Ukrainan eta Errusian dagoeneko delitutzat jo dituzte halako kasuak. Horregatik sartu ditugu pertsona horiek txostenean", azaldu du Bucesek.