Yeray Varelak eta Irati Etxaburuk irabazi dute San Silbestre lasterketa jendetsua

Uztarria.eus 2014ko abe. 31a, 15:31

Parte-hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da 2015eko San Silbestre lasterketa. Mugatua zen izen-ematea, eta mugara iritsi da aurtengoan. Guztira, 800 lagunek hartu dute parte lasterketa nagusian eta aurrenekoz jokatu den patinatzaileen lasterketan. Horiez gain, mailaz maila, 80 bat benjaminek, alebinek eta infantilek eman diote urteari amaiera lasterka. Sailkapenak

Behin gaztetxoen probak bukatuta, 11:15ean hasi da patinatzaileen sei kilometroko lasterketa. Iñaki Zubillaga nagusitu da mutiletan (00:12:13) eta Ane Plazaola nesketan (00:13:40). Bigarren gizonezkoa Carlos Jimenez izan da (00:13:19) eta Olatz Iparragirre, berriz, bigarren helmugaratu den emakumea (00:17:46). Mikel Roldan (00:13:28) eta Itziar Zabaleta (00:18:23) izan dira hirugarren sailkatuak.

Sei kilometroko San Silbestre lasterketa nagusian iazko irabazlea, Yeray Varela, nagusitu da gizonezkoetan. Varelak 00:19:47 denbora behar izan du plazako helmugara iristeko. Lehen emakumea Irati Etxaburu izan da, 00:24:52 denborarekin. Bigarren gizonezkoa Xabat Manzisidor izan da (00:20:34) eta hirugarrena, berriz, Endika Garcia (00:20:54). Helmugara bigarren postuan iritsi den emakumea Nerea Azpiazu izan da (00:25:22) eta hirugarrena Idoia Ezeiza (00:26:32).

Lehenengo gizonezko eta emakumezko azpeitiarrek ere jaso dute saria. Helmugara azkarren iritsi den azpeitiar emakumea Nerea Azpiazu izan da eta Xabat Manzisidor, aldiz, lehen azpeitiar gizonezkoa.

Xeye Atletismo Taldeak Urola Kostako Hitza-ren laguntzarekin eta Udalaren babesarekin antolatu du lasterketa.