Gontzal Mendibil: "Euskaldungoaren parte batek alde egin du euskal kulturatik"

Uztarria.eus 2014ko abe. 30a, 10:26

2014ko abenduaren 26an Iñigo Astiz kazteariak Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketa duzue jarraian. Gaur, asteartea, Gontzal Mendibil zuzenean ariko da bere azken lana aurkezten Soreasu antzokian, 22:00etatik aurrera. Sarrerak oraindik eskuragarri daude Sanagustin kulturgunean.

1974ko abendua da; igo da 18 urteko mutikoa oholtzara, probatu du gitarra lotsa apur batez, eta hasi du abestia. Musika lehenik: La, re, la, mi. Eta hitzak gero: "Araban bagare/ Gipuzkun bagera/ Xiberun bagire ta Bizkaian bagara…". Aste honetan dira berrogei urte Gontzal Mendibil musikaria (Zeanuri, Bizkaia, 1956) lehenengoz oholtzara igo zenetik. Hamalau disko kaleratu ditu geroztik, eskaini ditu milatik gora emanaldi, eta, ia mende erdiko ibilbidea egina duen arren, oraindik ere igartzen du mutiko haren itzala. Areago: oraindik ere mutikoa baino ez du ikusten jende askok Mendibil ikusten duenean. Amorrurik ez, ordea. Jotzen du oraindik ere kanta ezagun hura emanaldietan, eta ez da horregatik kexu, baina sintomatikoa ere bada pasadizoa, dioenez. "Askotan kexatzen gara publikoak alde egin digula, eta niri ere gertatzen zait". Hori igartzen du berak, behintzat. Nire bihotzak zure begiak ditu diskoa aurkezten dabil orain zuzenekoetan, eta pozik dago lortutakoarekin. "Neureen dudan lana da". Azken zehaztapenekin dabil telefonoz. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arituko da gaur, eta Gernikako Lizeo Antzokian bihar.

Kontatu berri didazu anekdota. Musikarekin hasi zinenean, kantaldi batean 2.000 pertsona jende gutxi iruditzen zitzaizuen, eta bertsolariak justu ibiltzen ziren publikoz. Igande honetan, aldiz, 4.500 pertsona batu zituen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak Bilbon, eta zuek zabiltzate justu. Bira bat egon da hor.

Igandean bertan gertatu zait: "Joño, Gontzal! Nik bazeukaat hire lehen diskoa!". Ba, oso ongi, baina, ostia, nik beste hamahiru disko egin ditut, eta musikalak eta… Eta berak: "A, bai? Orduan segitzen duk e?". Eta esaten dit: "Ni hire fana nauk!". [Barreak]. Ni pozten naiz benetan bertsogintzak daukan indar horretaz, hori ona da, aprobetxagarria da, eta merezimendu osoz goraipatu behar da, baina, horrez gain, beste gauza batzuk ere potentziatu behar lirateke, eta jendeak ikusi behar luke badaudela euskal musikan gauza onak ere, artegintzan, antzerkian… Baina publikoa guztiz urritu egin da hor. Beharbada gure errua ere zerbait izango da, ze bertsolariek egin dutena da elkarte bat sortu eta eskolak sortu, eta musikariak eta kantariak, aldiz, bakoitza bere aldetik gabiltza. Bai, lagun gara, baina ez dugu elkarrekin gauza askorik egiten. Zailagoa ere bada, bakoitzak bere estiloa daukalako, eta tresna gehiago behar direlako. Bertsolaritza gurea da, gainera, eta irratietan, berriz, mundu guztietako musika dago. Niri pena ematen didana ez da erdaldungoa ez dela hurbiltzen euskal kulturara, baizik eta euskaldungoaren parte diren askok alde egin dutela gure kulturatik. Horrek ardura ematen dit. Euskaldungoa biztanleriaren %30 inguru bagara, zergatik hain gutxik ikusten dute ETB1? Zergatik hain gutxik irakurtzen dute euskal literatura edo euskal prentsa? Hor zerbait landu beharra daukagu. Kexatzea ongi dago, baina autokritika bat egin beharra dugu hor zer egin dezakegun begiratzeko.

Zer pasatu da, orduan?

Hasi nintzenean bazegoen militantismo sutsu bat, eta horrek alde egin du. Jende asko ez zen etortzen musikagatik bakarrik, joaten ziren beste gauza askorengatik. Nik lehen apenas nekien kantatzen, eta musika askoz okerrago egiten nuen, baina orain baino askoz arrakasta gehiago nuen! Eta militantismoak alde egiten duenean zer geratzen da? Xabier Amurizak esaten zuen militantismoak ez duela salbatzen hizkuntza bat, baina horrek ez badu salbatzen, zerk salbatzen du? Bada, beharrizanak, baina beharrizanik ere ez da sentitzen hemen. Irudimena erabili beharko dugu jendea nola erakarri asmatzeko. Ez dakigu beharbada jendea erakartzen. Bertsolaritza jendeak bizi du kemenez eta ilusioz, eta guk ere egin beharko dugu zerbait jendearen parte hartze hori bilatzeko. Jendeak gurekin goza dezan lortu beharko genuke. Baina, noski, horretarako jendeak agertu egin beharko du. Nik badakit orain dela 35 urte entzuten ninduten asko ez direla denbora horretan guztian berriz agertu, eta harritu egiten dira etortzen direnean.

Mingarria ere izango da hori sentitzea.

Egiten dituzu gauzak egiten duzun horrekin sinetsita zaudelako, baina zeure buruari egiten diozu galdera: zergatik egin dit publikoak alde? Badago aldaketa bat aroz aro. Hori normala da. Baina publikoaren multzo bat desagertu ez bada, isilik gelditu da. Jende askorentzat euskal kultura da gastronomia, kirola eta beste ezer gutxiago. Nik defendatzen dut gastronomia, baina hori bakarrik bada gure kultura, gure bibliotekak izango dira gure jatetxeak. Orain gutxi esan zuen Laura Mintegik politikan ez dela batere lantzen kultura, eta berak barrutik ikusi du. Hori egia da. Kulturari apenas ematen zaion garrantzirik, eta kultura ez badugu defendatzen, gero tristea daukagu. Gero eta gehiago gaude inperioaren menpe. Batetik, ari gara independentziaren alde eta autodeterminazioaren alde, baina egunerokoan irentsi egin gaitu inperioak, eta kolonia baten barruan gaude. Nik nahi nuke neu izan; geu izan. Apustu kultural bat dago hor egiteko. Ez dut ikusten planteamendu kultural indartsurik. Kanpokoari askoz ere garrantzi handiagoa ematen diogu. Programatzaile gehienak erdaldunak dira, ez dute bizi euskal kultura, eta hala programatzen dituzte egitarauak. Autokritika serio bat falta zaigu euskaldunoi.

Elkarrizketa osorik Berria-n.